Egungo kokapena aztertu ondoren Urduñako zaborrontziak lekuz aldatzea erabaki du udalak. Edukiontzien berrantolaketarekin bermatuko den lehen neurria hondakin bilketa puntu guztietan zaborra (ontzi berdea) eta plastikoa (horia) biltzeko aukera egotea da. Era berean, espazio publikoa aintzat hartuz ontzi guztiak taldekatzea hobetsi dute. Izan ere, orain arte hiriko bost puntutan hondakinak birziklatzeko errepidea gurutzatu behar zen: Gernikan, Otxomaion, zezen-plazan, Harategi Kalean eta Kale Nagusian. Hemendik aurrera, biztanleek espaloitik jaurti ahalko dute zaborra, segurtasuna bermatzeko neurriak hartu baitituzte. Aldaketak azaroan zehar egingo dira. Leku batzuetan edukiontzien kokapena soilik aldatuko da, baina beste hainbat guneetan egokitzapenak egin beharko dira, lorategiak babestu eta errepidea saihesteko.
Ontzi gehien izango dituzten guneak anbulategia eta Antiguarako pasealeku hasiera izango dira; zaborra, plastikoa, beira, papera, olioa eta arropa jasoko baitute bertan.
Getxako parkingean zaborra, plastikoa eta beira jasotzeko edukiontziak jarriko dituzte. Eguneko Zentroaren aurrean, berriz, bi aparkaleku kenduko dira, plastikoa eta zaborra jasotzeko bi ontzi ipini ahal izateko. Gernika eta San Inazio kaleak lotzen dituen bidean, berriz, ontziak multzokatuko dira. Herri Eskolan egun dauden edukiontziak tokiz mugituko dituzte, aparkalekuaren amaierara hain zuzen ere. Izan ere, ikastetxeko kideek eta Agenda 21 dinamikak hala aholkatu zuten. Aparkaleku mugaketak Buen Suceso kalean eta bolatokian ere egingo dira; lehenengo tokian bi plaza kenduko dituzte, eta bigarrenean bat.