Mendizaletasuna Urduñan, Txarlazo baino zaharragoa

Erredakzioa 2014ko urr. 22a, 13:49

Mende erdi bete berri du Urduñako Txarlazo Mendi Taldeak. Baina mendizaletasunaren sorrera 20. hamarkadan kokatzen dute taldeko kideek.

1964. urtean sortu zen Txarlazo mendi taldea, duela 50 urte. Baina mendira joatearen ohitura zaharragoa da Urduñan. Hori ondorioztatu du Txarlazoko kide beteranoenetako bat den Txetxu Lanbarrik.

Mende erdi bete berri du Urduñako Txarlazo Mendi Taldeak. Baina mendizaletasunaren sorrera 20. hamarkadan kokatzen dute taldeko kideek.

1964. urtean sortu zen Txarlazo mendi taldea, duela 50 urte. Baina mendira joatearen ohitura zaharragoa da Urduñan. Hori ondorioztatu du Txarlazoko kide beteranoenetako bat den Txetxu Lanbarrik.

Bere hitzetan, hiriaren industrializazioarekin batera sortu zen mendira joatearen ohitura, 20. hamarkadan. Lanbarriren hitzetan, Urduñako langile eta nekazari klaseek ez zuten aisialdi moduan menditik ibiltzeko ohiturarik. Hiriko Jesuiten eskolan eta Mariaren Konpainian ikasten zuen burgesia izan zen mendizaletasunean lehen pausoak eman zituena.

Erreferentziarik zaharrenetarikoa 1923koa da. Urte horretan hasi zen ospatzen Santiago Eguna, gaur egun ere ospatzen dena. Urduñako EAJk antolatzen zuen erromeria, eta beste izen bat jarri zion: “Txarlazoko ama-birjinaren tontorrera edo mugara bidaia”, Santiago Espainiarren patroia zelako. “Horregatik zeharkatzen zuten muga, festa Euskal Herrian ez ospatzeko”, azaldu du Lanbarrik.

Beste pauso garrantzitsu bat 1924an eman zuen Angel Sopeña mendizale bilbotarrak, Frailebururen tontorrera ofizialki igo zen lehen pertsona bilakatu zenean. Ekintza hori nazioarteko prentsan oihartzuna izatera iritsi zen, Lanbarriren hitzetan; “sortu zen euforia kutsagarriaren ondorioz Urduñako Udalak ezohiko udalbatza bat egin zuen, zeinetan Fraileburu “Angel Sopeña” izenarekin berrizendatzea onartu zen”.

Hurrengo data garrantzitsua 1927an izan zen, herritar talde batek Udalean baimen eskaera bat tramitatu zuenean, Gorobelen dagoen “El Corralejo” pasabidean aterpe bat eraikitzeko. Gaur egun “Txopera” izenaz ezagutzen da aterpe hori.

Frankismoan, klandestinoki
Erregimen frankistaren ezarpenarekin, mendizaletasuna “klandestinitatera” pasa zen, Lanbarriren hitzetan, Frankismotik eratorritakoa ez zen kontu oro egitea debekatu baitzen.

Gauzak hala, hamarkada batzuk itxaron behar izan ziren “Grupo de montaña Txarlazo” legalki sortu ahal izateko. Baina sortzerakoan ere traba ugari izan zituztela oroitu du Lanbarrik: taldeko kide batek bokal izateari utzi behar izan zion bere aita Arabako Batailoian errepublikaren alde borrokatu zuelako. Hortaz gain, euren behin-behineko egoitza Acción Catolicaren gazte zentrotik “Pruden” tabernara mugitzera derrigortu zituzten, lehenengoa “separatisten kabia” zela argudiatuta. “Pruden” tabernan “errekete nostalgikoen kontrolpean” bildu behar zirela salatu du Txarlazoko kide beteranoak, eta gaineratu du udalak pertsona bat infiltratu zuela taldean, zeini “el radar” ezizena jarri zitzaion.

Oztopoak oztopo, ez zen makala izan lehen urte haietan taldeak egin zuen lana: “El Corralejo”-ko aterpearen berreskurapena eta berritzea, zortzi gutunontzi eta begiratoki bat jartzea, besteak beste. Herritarren erantzuna ere beroa izan zen, 1984. urterako 365 bazkide baitzituen elkarteak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide