Urduñako Aduana eraikinean dagoen hotela eta bainuetxea ustiatzen dituen Aisia enpresaren burua den Montenegro taldeak hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu duela iragarri dute hainbat hedabidek.
Hotelak eta ostalaritza uztartzen ditu taldeak, Bizkaian, Gipuzkoan eta Kantabrian sei hotel dituelarik, ia denak termalismoari loturik; horretaz gain hainbat jatetxe osatzen duten Abaroa katea ere Montenegro taldeari dagozkio.
Udaberrian Urduñako bainuetxeko langileek greba deitu zuten, enpresak 4 hilabeteko soldata zor zielako, azkenean ordea, bertan behera utzi zuten deialdia, zuzendaritzarekin akordioa erdietsita. Urte hasieran aldiz, Bilbon eta Getxon zituen jatetxeak itxi behar izan zituen Montenegrok eta hainbat langile kaleratu.
Urduñan ustiatzen duten Aduana eraikineko hotel eta bainuetxean izango duen eragina argitu gabe dago, hartzekodunek eta eraikinaren jabe den udalak hartuko dituzten erabakien arabera.