Gabonetan zehar ekitaldiak prestatzeko diru-laguntzak eskainiko ditu Urduñako udalak. Urriaren 6an ireki zen proposamenak aurkezteko epea. Aurreratu dutenez, azaroaren 12 arte egongo da horretarako aukera. Diru-laguntzaren bidez gabonetan ekintzak antolatzeko baliabideak eskaintzea da helburua. Deialdia irabazi asmorik gabeko Urduñako kirol eta kultura elkarteei zuzenduta dago. Guztira, 3.400 euro bideratuko dira ekitaldietara.
Proiektuak aurkezteko taldeek Urduñan izan beharko dute egoitza soziala. Horrez gainera, kirol eta kultura jardueretan diru-laguntzen eskaerak eta esleipena arautzen duen Udal Ordenantzan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Deialdira aurkezten diren elkarteek memoria bat entregatu beharko dute, ekitaldiaren helburua, data, ordutegia, diru sarrerak, gastuak eta beharrezko udal materiala zehaztuz. Nabarmendu dutenez jardueren%100 finantzatzeko aukera egongo da, beti ere 1.000€ baino gutxiagoko gastua baldin bada.