Ibilgailuentzako Urduñako sarrerak aldatu egingo dituzte. Helburua herritarren segurtasuna hobetzea da. Izan ere, gidari gehienek iparraldeko sarbidea erabiltzen dute hirira bertaratzeko. Horrek, Alde Zaharreko oinezkoen segurtasuna eta auzoaren egoera kaltetzea eragin du. Horregatik, Mikel Deuna auzoko bizilagunek bakarrik erabiltzea sarrera hori proposatu dute.
Planteatutako aldaketak Alde Zaharreko trafikoa erregulatzeko azterketarekin lotuta daude. Hala, Gasteizera doan errepideetik bideratuko da datorren urtetik aurrera Urduñarako sarbidea, zezen plazako biribilgunetik, hain zuzen ere.
Semaforoak kanpora
Bestalde, San Francisco, Zageras eta Barria eta Kantarranas kaleek Gasteizeko errepidearekin bat egiten duten gunean ere moldaketak egingo dira. Hau da, haur eskola, adin nagusikoen egoitza eta herri ikastetxea elkartzen dituen bidegurutzean. Gaur egun, hiru semaforo daude, baina egingo diren obrekin desagertu egingo dira.
Espazio beharragatik, baina, bi eraikin bota beharko dituzte. Hala, Zageras kaleko errepidea noranzko batekoa izatetik bi norabidekoa izatera pasako da, oinezkoentzako espaloia handituz eta haur eskola pareko semaforoa kenduz. Aurreratu dutenez, espaloiak bi metro baino gehiagoko zabalera izango du.
La Posada ezizenez ezagunagoa den gunean, aldiz, biribilgune bat egokituko dute, oinezkoek lehentasuna izateko eta autoen abiadura murrizteko arekak baliatuta. Horrek, bidegurutze horretan dauden beste bi semaforoak kentzeko aukera emango du. Bestalde, Gernika eta San Francisco kaleak batzen diren eremuan dauden zebrabideak, aparkalekuak eta zabor ontziak lekuz aldatuko dituzte. Era honetan, Gernika, Otxomaio eta San Inazio kaleetako bizilagunek era seguru batean zeharkatu ahallko dute oinez bidea.