"90. hamarkadan desagertzear egon zen Txarlazo baina orain osasuntsu dago"

Aitor Aspuru Saez 2014ko urr. 9a, 08:53

KEPA CORMENZANA (Urduña, 1959) Txarlazo Mendi Taldearen une gogorrenak bizi izan ditu baina orain taldearen 50. urteurrena ospatuko du eta etorkizun oparoa ikusten dio proiektuari.

KEPA CORMENZANA (Urduña, 1959) Txarlazo Mendi Taldearen une gogorrenak bizi izan ditu baina orain taldearen 50. urteurrena ospatuko du eta etorkizun oparoa ikusten dio proiektuari.

Zein izan da mendi taldearen ibilbidea?

Aurten Txarlazok 50. urteurrena ospatzen ari da. Taldea guk dakigunez 1964. urtean jaio zen eta betetako urte hauetan gorabehera ugari izan ditu eta desagertzear egon da. Une bakoitzean zegoen jendearen eta interesaren arabera.

Egun osasuntsu dago taldea, harrobia dagoen heinean. Badago jendea ardurak hartzeko prest.

50 urte bete ditugu eta helburua izango litzateke gutxienez beste 50 irautea.

50 urte horietan zeintzuk izan dira une gogor eta gozoenak?

Hasiera batean, nahiz eta talde txikia izan -gehienbat beste talde batzuekin alderatuz- asko nabarmendu zen Txarlazo, aritzen zen jendea asko mugitzen baitzen.

Valentina Ugarte, adibidez, emakumea izanik -esparru hau ere gizonezkoek baldintzatu baitute- asko bereizi zen; bere sinpatia eta gogoei esker eta aurrean egoteagatik.

Jende horren atzetik -60. hamarkadan abiatu zuen herriko apaizak- 80. hamarkada heldu arte partaidetza handia egon zen. Mendi taldeen arteko elkarlan bizia zegoen gainera. Txangoen egutegia Nerbioigoieneko hiru taldeek elkarlanean egiten zuten: Mendiko Lagunak, Goikogane Mendi Taldea eta Txarlazo Mendi Taldeak.

90. hamarkadan ordea ia desagertzear zegoen taldea. Nik hartu nuen orduan ardura. Mendia oso gogoko dut eta pena ematen zidan taldea desagertzeak.

Lagun baten laguntzari esker bultzada eman genion behintzat desagerpena ekiditeko. Udalari egoitza eskatu genion beharrezkoa baita bilerak egiteko iritziak elkar trukatzeko, txangoak prestatzeko...

Oraingoa une gozoa da. Nik 12 urtez (2005ean edo utzi nion ardura izateari) ardurak izan eta gero gazte koadrila batek hartu zuen zuzendaritza. Egun 450 bazkide edo izango ditugu eta 200 federatuak dira. Jarraipena dago eta jendeak mendiaren aldeko apustua egin du. Euskal Herriko ohitura jarraituz.

Orduan 80. eta 90. hamarkaden artean une zailena bizi izan zuen taldeak ezta?

Bai, egiten ziren gauzak, jendearen eskaerak erantzuten genituen gutxi gorabehera baina Viriatoren borroka bezalakoa zen hori.

Ez zen modu egokiena baina une horretan nire ustez hori zen egin genezakeena, taldea desagertzea ekidin genuen.

Historialariek lotzen dute mendi taldeen jaiotza eta frankismoaren egoera politikoa, hau da, elkartzeko zailtasunak. Testuinguru horretan jaio zen Txarlazo?

Pentsa ezazu, lehenengo lehendakaria eta kideak taberna batean elkartzen ziren. Kale Barriko taberna batean hain zuzen. Nik gogoratzen dut postontzia zutela bertan eskutitzak eta iradokizunak jasotzeko.

Eta nolabaiteko bilakaera izan du mendizaletasunak urte hauetan?

Hasiera horretan inguruetatik egiten ziren txangoak. Ez zegoen garraio askorik. Bestalde, aintzat hartu beharko genuke duela gutxi arte astea, lanaren aldetik, larunbatean bukatzen zela. Beraz, igandea zuten bakarrik mendira joateko eta horren ondorioz inguruko mendiak bistatzen zituzten.

Egun beste mendizaletasun eredua dago?

Bilakaera harrigarria izan da. Denbora gehiago dago orain eta beste modu batean kudeatu daiteke.

Lehen oporretan ateratzen ginen bakarrik. Orain asteburutan txangoak prestatzen ditugu. Pirinioak adibidez, lehen oso urruti sumatzen genituen baina orain edozein asteburutan joan gintezke.

50. urteurrena prestatzeko zein da gauzatu duzuen planteamendua?

Hasieratik pentsatu genuen ekintzak sakabanatu ordez hoberena izango litzatekeela aste batean egitea garrantzitsuena.

Ama Birjinak mendea bete zuenean hasi ginen horrela, ibilaldia antolatzen inguruetan kanpoko jendeari guk ezagutzen ditugun tokiak erakusteko.

Hori irizpidetzat hartuta 50. urteurrenaren ospakizunak urriaren lehen hamabostaldian kokatu ditugu. Saiatu gara zerbait anitza eta interesgarria prestatzen.

Abiatuko ditugu jardunaldiak gaur, urriaren 9an 19:30ean, Juanjo Garbizuren eskutik. Honek aurkeztuko du gai berezia: "Monterapia". Hau da, mendia erabiltzea kirola ez ezik baltsamo gisa ere.

Ni erabat ados nago honekin, mendiak aste osoa jasaten laguntzen nauen heinean. Asteburuan mendira ez banoa badirudi airea falta zaidala.

Jarduera guztiak kultur etxean izango dira.

Mendi ibilaldia urriaren 12an egingo dugu. XI. edizioa izango da eta Urduñako ingurutan izango da. Mendian ibili ez ezik gustatuko litzaiguke Urduñako hiria ere ezagutzea eta pote batzuk hartzea.

Bi ibilbide egingo ditugu. Luzeena 30 kilometrokoa izango da eta motza 15 izango ditu. Bigarrenarekin lortu nahiko genuke gurasoek umeekin joatea. Ibilbide luzea 08:00etan aterako da Foru Plazatik eta bestea 10:00etan. Espero dugu eguraldi polita egotea.

Urduñatik Unzara joango gara. Ibilbide motza Urduñara itzuliko da Artomañatik eta bestea Santiago mendirako bidea hartuko du, Arando balkoia zeharkatuko du eta Urduñako portu zaharretik jaitsiko gara. Hortik Tertangara hurbilduko gara gero urtegira joateko eta Urduñan bukatuko dugu.

Hurrengo ostegunean Alex Txikon gonbidatu dugu. Erreferentea da Euskal herrian Alex eta bere esperientziak aipatuko dizkigu.

Eta amaitzeko Iñaki Otsoa de Onza izango da protagonista nahiz eta bizitza motza izan zuen. Iñaki oso bihozbera zen eta gobernuz kanpoko erakundea sortu zuen, SOS Himalaya, bertako jendea laguntzeko.

Dokumentala eskainiko dugu eta pelikulak Iñakiren asmoak azalduko ditu.

Hori jardunaldien aldetik. Urte amaieran mendi irteera egin nahi dugu, taldeek egin ohi duten moduan. Urteurrena ospatzeko bazkaria egin nahi dugu ingurutan txangoa egin ondoren. Hori abenduaren 14an izango da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide