Urduñako udalaren Berdintasun Arloak hiriko segurtasun mapa egingo du. Horretarako, azaroaren 20an 18:00etan norbanako eta elkarteak bilduko dituzte, Urduñako segurtasun mapa aurkeztu eta eztabaidatzeko. Helburua, Urduñako hiritarrak seguru sentitzen ez diren guneak identifikatzea da. Aurreratu dutenez, urtearen amaierarako bukatuta egongo da puntu beltzen mapa. Egitasmoa aurrera eramateaz Harilka elkartea arduratuko da. Azaldu dutenez, erabiliko duten metodologiak bi ardatz izango ditu. Batetik, zinegotzi eta talde motorearekin alor teknikoa landuko dute. Bestetik, eztabaida eta inkesta bidez bultzatuko den parte-hartze soziala. Guztira, adin ezberdinetako Urduñako 50 emakume eta 20 gizonen parte-hartzea aurreikusi dute. Proiektua gauzatzeko 1.505 euro beharko dituzte. Horretarako, baina, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntza izango dute, udalak martxoan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekintzak garatzeko proiektu ezberdinak aurkeztu baizituen. 2014an egingo dituzten ekintzen artean generoaren eta berdintasuntasunaren inguruan udaleko teknikari eta politikariei zuzendutako formakuntza ikastaroa, nerabeentzako prebentzio eta hezkuntza programa bat eta emakumeei zuzendutako lege aholkularitza zerbitzua daude.