Belandiako festak urriko lehenengo igandean izaten dira, eta, aurten, egun biko egitaraua prestatu dute jende ororentzat. Kanpai-hotsekin eta bolanderekin hasiko dira ospakizunak urriaren 5ean, 12:00etan. Ondoren, 12:30ean, meza nagusia egongo da Errosarioko Amaren omenez.
Gastronomiak leku berezia izango du, patata-tortillak ez ezik, etxeko tartarik onenak ere sarituko baitira. Gainera, txakolina eta odolosteak dastatzeko aukera egongo da. 12:00etan, patata-tortilla lehiaketari hasiera emango zaio. Antolatzaileek patatak, arrautzak eta tipula bana emango dizkiete parte hartzaileei; olioa, zartagina, su txikia eta bestelako materiala, aldiz, norberak eraman beharko du. Hiru sari banatuko dira: lehenengoak 100 € jasoko ditu, bigarrenak 75 €, eta hirugarrenak 50 €. Bestalde, tartak 13:00etan aurkeztuko dira, eta lehenengo biek jasoko dute saria, 50 € eta 25 €, hurrenez hurren.
Biharamunean, goizeko 8:00etan, diana eta kalejira egingo dira. Meza eguerdiko 12:00etan izango da, eta arimen omenezko zozketa, 13:30ean.