Antzinako gauzen eta bildumen hirugarren azoka egingo dute larunbat honetan Urduñako Foru Plazan. Ekitaldia merkatarien elkarteak eta Antigoaleko Gauzen Lagun Taldea sortu nahi duten herritarrek sustatu dute. Merkatua 09:30ean hasiko da eta 19:30ean itxiko ditu ateak. Hala, 35 urte baino gehiago dituzten objetuak ikusi eta erosteko aukera egongo da Foru Plazan. Adierazi dutenez, iaz 80 postu egon ziren. Aurten, baina, parte hartzea bikoiztea espero dute antolatzaileek. Azokan parte hartzeko erabiltzeko moduan dauden objektu eta jostailuak eramateko deia luzatu dute. Merkatuaz gain, 8-12 urteko umeei zuzendutako argazki-tourra egingo dute Javier Ruiz Liliren gidaritzapean.
Truke sistema, indarberrituta
Truke sistema indartzeko aurten aldaketa ezberdinak planteatu dituzte. Batetik, trukatzeko liburuak, jostailuak... jasotzeko bilketa egunak jarri dituzte. Azaldu dutenez, urriaren 16tik 19ra 18:30etatik 20:00etara kultur etxera eraman beharko dira merkaturako objektuak. Eramaten den gauza bakoitzaren ordez, txartel bat banatuko dute. Baldintza bakarra liburu edo jostailuak "ondo eta garbi" egotea da. Era honetan, hainbat helburu betetzea espero dute. Batetik, urduñarren etxeetako gela edo ganbaretan lekua egitea. Bestetik, jostailu edo objektuei bigarren erabilpen bat ematea. "Eskuzabalak izan zaitezkete, nahi edo behar dutenei oparituz", erantsi dute. Nahi duen orok postua jartzeko aukera ere izango du. Informazio gehiago nahi duenak turismo bulegora jo dezake.