Astebete baino gutxiago behar izan dute Aranzadi zientzia elkarteko kideek Urduñako udal-hilerrian egin duten indusketa bukatzeko. Gerra Zibilaren garaian zein gerraostean frankismoak Urduñan eragindako errepresioan sakontzea izan da indusketaren helburua. Hala, errepresio horren lagin bat atera dute lur-azpitik: 14 pertsonen hezurrak, bi ilaratan jarrita. Hezurren inguruan egur arrastoak topatu dituzte, zerraldoetan lurperatuak izan zirenaren seinale.
14 gorpuen arrastoak Donostiako Medikuntza Fakultatera eraman dituzte Aranzadikoek. Bertan, jada susmoak konfirmatzea dute aurreikusia. Hau da, hezur horiek Urduñako kontzentrazio esparruan zein gerora leku berean egon zen presondegian hildako pertsonak direla.
Urduñako herritar nagusienek betidanik jakin izan dute gaur egun Urduñako jesuiten ikastetxea dagoen eraikina Gerra Zibilaren garaian kontzentrazio esparrua izan zela. Baina kontzentrazio esparruaren historia ez zen 2011ra arte ezagun bilakatu. Urte hartan Joseba Egiguren kazetari laudioarrak Prisioneros en el campo de concentración de Orduña liburua kaleratu zuen; artxiboetan pilatutako materialez zein lekukoen testigantzaz osatutako ikerketa. Ikerketa hori argitara atera zenean Urduñako Udalak memoria historikoaren gaia lantzeari ekin zion, eta ordutik hona ugariak dira alor horri begira herrian egin diren ekimenak.
Aurkitutako hezurren ADN bidezko identifikazioa “ia ezinezkoa” izango dela adierazi dute Aranzadiko kideek, senide askoren berri ez
dagoelako eta lurpean beste 200 gorpuren arrastoak egon daitezkeelako.
Kontzentrazio esparruan zein presondegian egon ziren hildakoen zifra ofizialak jasotzen ditu Egigurenen azterketak. Orotara, 200dik gora pertsona hil ziren, gosearen edo gaixotasunen eraginez gehienak. Baina egon ziren baita euren buruaz beste egin zutenak edota kontzentrazio esparruko zaindariek hil zituztenak ere, Egigurenen liburuan azaltzen diren testigantzen arabera. Beste lekuko batzuen hitzetan, udal-hilerrian lurperatzen zituzten hildako presoen gorpuak. Informazio horri jarraiki jarri zen Urduñako udala Aranzadi zientzia elkartearekin harremanetan, hilerrian indusketak egiteko.
Indusketa, “sinbolikoa”
Hilerria bi zatitan banatua zegoen Gerra Zibilak eztanda egin zuenean. Zati katolikoa zegoen alde batean, eta ez-katolikoa bestean. “Ez-katolikoan sartzen zituzten hildako presoak”, azaldu du Aranzadiko kide den Gimmy Jimenezek, “baina baita bere buruaz beste egiten zuten herritarrak, eskaleak edota zati katolikoan sartzeko haina diru ez zutenak ere”. Horregatik, analisiak egin arte ezin da ziurtatu topatutako gorpuak presoenak direnik. Dena dela, Aranzadiko kideek uste dute zaila izango dela hezurrak norenak diren zehaztea, lurpean beste 200 gorpu edo gehiago egon daitezkeelako eta senide guztiak identifikatuak ez dituztelako. “Momentuz ez dago identifikazio lan bat egiteko asmorik”, azaldu du Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak, “topatutako arrastoak presoenak direla frogatzea baino ez”.
Aranzadiko kideek ez dute aurreikusten preso guztien hezurrak lortu arte induskatzen aritzea. 60. hamarkadan horma hilobiak eraiki ziren presoen gorpuak lurperatuak zeuden tokietan. Induskatu duten zatia bi horma-hilobiren artean dago, baina arrasto gehiagoren bila hasteak horma-hilobiak mugitu behar izatea ekarriko luke.
Balizko bigarren azterketa-fase bati heldu baino lehen “ikerketak zer eman dezakeen” aztertu behar dela azpimarratu du Herrastik. “Zaila izango da gorpuen eta senideen arteko ADN bidezko loturarik egitea, baina sinbolikoki balioko du”, adierazi du Egigurenek. Indusketan parte hartu duen Paco Etxebarria auzitegiko medikua bat dator baieztapen horrekin: “lokalizatu dugun gorpu bakoitzak errespetua merezi duen duintasuna irudikatuko du”. Behin analisiak bukatuta, gorpu bakoitzaren banan-banako txostenak prestatuko dituzte Aranzadiko kideek. “Azterketa antropologikoa egingo zaie, sexua, adina eta bestelako bereizgarriak zehazteko”, Herrastiren hitzetan. Egigurenen ustetan, adina zehazteak kontzentrazio esparruko edo geroago egon zen presondegiko presoak ziren zehazteko balio dezake; “kontzentrazio esparruko presoak nahiko gazteak ziren. Kartzelan egon zirenak, berriz, kondena bat betetzen zeuden, eta orokorrean nagusiagoak ziren”.
Azterketa lan hori bukatuta, hezurrak Urduñara itzultzea da asmoa, oroitarri batekin lurperatuak izan daitezen.
Memoria historikoa Urduñan
2011
MARTXOA
Ikerketaren aurkezpena
Joseba Egiguren kazetariak Urduñako kontzentrazio esparruari buruzko ikerketa plazaratzen du, geroago gaiaren inguruko liburu bat idazteko baliatuko duena.
UZTAILA
“Frankismoa gaitzesteko eguna” Uztailaren 18a “Frankismoa gaitzesteko eguna” izendatzea onartzen dute Urduñako Udalbatzan.
2012
EKAINA
Barkamen eskaera
Udalak ofizialki barkamena eskatu egiten du gerra gatibuak udal-lanetan esklabo gisa erabili izanagatik. Aho batez onartzen da, Bildu, EAJ eta PPren aldeko bozekin.
Memoria historikoaren inguruko ekimenak
Memoria historikoa berreskuratzeko jardunaldiak antolatzen dira. Herrian dauden plaka frankistak kendu egiten dira eta udal hilerrian plaka bat jartzen da kontzentrazio esparruan eta presondegian hil zirenen omenez.
UZTAILA Omenaldia
Omenaldia egiten zaie kontzentrazio esparruan egon ziren gerra presoei.
2013
EKAINA
Maria Servini epailearekin biltzea Urduñako alkateak Argentinara bidaiatzen du Euskal Herriko ordezkaritza batekin eta kontzentrazio esparruaren inguruko ikerketa ematen dio frankismoaren aurkako kereilak daramatzan Maria Servini epaileari.
2014
UZTAILA Udal aulkien moldatzea Udalbatza aretoko aulkiak moldatu egiten dituzte, ikur frankistak ezkutatzeko.
ABUZTUA
Indusketak hilerrian
Aranzadi zientzia elkarteak indusketak egiten ditu hilerrian eta 14 pertsonen arrastoak topatzen dituzte.
ESKUALDEKO HOBIRIK HANDIENA DA URDUÑAKOA, BAINA EZ BAKARRA
“Urduñakoa da, dudarik gabe, Gerra Zibileko Aiaraldeko hobirik garrantzitsuena Joseb Egiguren kazetariaren hitzetan. Baina eskualdeko beste txokoetan ere gon ziren hildako eta fusilatuak. Laudion orotara 20 pertsona hil zirela azaldu dute Laudio Memoria elkarteko kideek, baina gehienak frontean hil zirela gaineratu dute. Laudioar bat Ezkabako kartzelan hil zutela gaineratu du elkarteko kide den Andoni Larreak, “eta Laudion bertan errepublikaren aldeko asturiar bat hil zutelakoan ere gaude, baina hori guztia dokumentazioarekin frogatzea falta da”.
Errepublikarrek, euren aldetik, Laudioko Urkixo Markesen jauregiko zerbitzaria erail zutela gaineratu du Laudio Memoriako kideak. “Arrankudiagan harrapatu zuten”, azaldu du Larreak, “jauregian frankistentzako armak ezkutatuak zeudela uste zuten errepublikanoek, eta zerbitzariari informazioa ateratzen saiatu ziren”.
Saratxon lau fusilatu
Amurrio Laudio baino hurbilago zegoen frontetik. Hala, egoera gatazkatsuagoa zen bertan. Gerra hasieran batailoi anarkista bateko kideek Laudioko lau guardia zibil hil zituzten Saratxoko hilerriaren alboan eta inguruko landa batean lurperatu zituzten. Hala azaldu dute Aztarna elkarteko kideek. Elkartetik gaineratu dute lau guardia zibil horiek errepublikaren alde agertu zirela, baina batailoiko kideek espioiak zirenaren susmoa zutela.
1943an, gerra amaituta, Baranbio aldean Nafarroako maki bat harrapatu eta fusilatu zutela gaineratu dute Aztarnako kideek, “eliza alboko ortu batean lurperatu zuten”.
Amurrioko hilerri zaharrean ere borrokan hildakoen hainbat gorpu lurperatu zituzten. Hilerria 40. hamarkadan itxi zuten, eta bertan lurperatuak zeudenen senideei epe bat eman zitzaien gorpuak eskatzeko. Erreklamatuak izan ez ziren gorpuak hezurtegira eraman zirela suposatzen da, Eusko Jaurlaritzaren webgunean jasotako informazioaren arabera.