2002. urtean, Tras Santiagon garai batean zegoen eltzerian egindako indusketa arkeologikoen ondorioz, ontziteria egosteko erabiltzen ziren osagarri batzuk topatu ziren, alegia, lur-moiloak eta txakurrak.
Azaroaren 9a bitarte, Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologi Museoan ikus daitezke elementu zeramiko horiek, “Museoa aztarnaz aztarna” programaren barruan. Bisitak asteburuetan egin ahalko dira, eta sarreraren prezioaren barnean daude.
Bisitaldi gidatuei dagokienez, larunbatetan bi egongo dira, 13:15ean eta 18:15ean; igandetan, aldiz, 13:15ean izango da.
Lur-moiloak eta txakurrak
Lur-moiloekin –barrualdea hutsik duten pieza zilindrikoak– labean gelaxka modukoak eratzen dira; gero, gelaxka horietan sartu egiten dira zeramikako piezak, egosteko.
Txakurrak, ostera, hiru oin erradialeko pieza txikiak dira, zeramikakoak. Plateraren barruan jartzen dira, gaineko plateretik bereizteko, eta, horrela, objektuekin dorreak eraiki ahal izateko. Txakurrak erabilita, beraz, labean leku gehiago dago.