"Argi dugu hau lapurreta dela"

Erredakzioa 2014ko abu. 1a, 11:03

IRUNE AZKARRAGA (Urduña, 1969) Mugalde Kultur Elkarteko kidea da. 35/02 sumarioaren epaiak ahalbidetuko du Estatu Espainiarrak egoitza kentzea elkarteari. Horren inguruan mintzatu da.

 

Zein da Mugalde Elkartearen historia?

IRUNE AZKARRAGA (Urduña, 1969) Mugalde Kultur Elkarteko kidea da. 35/02 sumarioaren epaiak ahalbidetuko du Estatu Espainiarrak egoitza kentzea elkarteari. Horren inguruan mintzatu da.

 

Zein da Mugalde Elkartearen historia?

Mugalde Elkarteak 25 urte bete ditu aurten eta kultur elkartea da. Urte hauetan zehar herri mailan lan egin du herrien eta Euskal Herriaren alde. Elkartasuna jorratu du beste herrialde eta herriekin. Hori izan da apur bat gure lana.

 

35/02 Sumarioan egon zarete sarturik, zer suposatu du horrek elkartekideentzat?

Hasieran harridura sortu zigun, sumarioan dauden gainerako elkarteko kideei bezala. Ez dakigu zer egiten dugun guk horrelako makroepaiketa batean elkartea izanik.

Harriduraren ostean gure elkartera etorri ziren eta esan ziguten sumarioaren barruan geundela eta guk lagundu genuela ETA finantzatzen. Horrek ere sekulako harridura sortu zigun, guk ez baitugu horrekin zerikusirik.

Eta oraindik itxaroten gaude ez dakigulako gure egoitza lapurtuko duten eta elkartearekin zer gertatuko den.

 

Espainiar Estatuak egoitza konfiskatuko balu zer suposatuko luke horrek Urduña mailan eta elkarteari dagokionez?

Ahalegin handiarekin lortu genuena eraikitzen, ez bakarrik eraikinari begira, baizik eta urte hauetan egin dugun lanaren aldetik, ez dakigu nola egingo dugun aurrera.

Diru asko eta esfortzu handia kostatu zitzaigun eraikinak eta hori lapurtu ahal digute.

Elkartearekin ez dakigu zer gerta daiteke, elkartea ez baitago inputaturik. Guk argi dugu aurrera jarraituko dugula lanean herrian eta Euskal Herrian eta borrokatuko dugula gure eraikina lapurtu ez dezaten, baina ez dakigu zer gertatuko den gurekin.

Orain arte sumarioan egoteak suposatu digu Madrilera joatea, gainerako elkarteak bezala. 11 egun joan behar genuen baina lortu genuen egun bakarra joatea. Horrek suposatu zuen ahalegin, diru eta disgustuarekin.

Azken finean zure buruari esaten diozu: "nik bakarrik lan egin dut kultura eta herrien alde" baina bat-batean Entzutegi Nazionalean zaude eserita eta epaileen aurrean. Hori gogorra izan zen, egia esanda.

 

Etorkizunean zer egingo duzue?

Momentuz ez dugu oso ondo pentsatu, erdi oporretan gaude eta, baina argi dugu aurrera egingo dugula gure lanarekin. Abokatuek irailera arte daukate helegitea jartzeko.

Momentuz elkarretaratzea egin dugu Urduñako Foru Plazan baina hemendik aurrera ikusi beharko dugu zer planteamendu mota egiten dugun.

 

Egoitza konfiskatzeko aginduaren inguruan irakurketarik egin duzue?

Ulertezina da. Hori argi dugu. Guk ez dugu zerikusirik leporatzen diguten horrekin. Argi dago epaiketa politikoa dela eta suposatzen dut ondo egiten ari garenez epaia horrela plazaratu dute.

Argi dugu lapurreta dela eta ez dakigu zer egingo dugun. Dena den oraindik ez dira etorriko lapurtzera, helegiteari buruz erabaki arte zabalik eta lanean egongo gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide