Aurten ibilbide berezia prestatu dute, natura eta kultura uztartuko baititu. 7 kilometro izango ditu, iazkoa baino laburragoa, beraz, eta goizeko 9:00etan hasiera emango zaio Lendoñobeitiko dorretxetik. Amaieran, hamaiketakoa egongo da bertan, eta doakoa izango da.
Gorobel mendilerroaren magaletik −hau da, behealdetik− ibiliko dira mendizaleak, bi adituren hizketaldiaz gozatzen duten bitartean. Izan ere, “Urduñako mendiak: eremu fisikoa, eremu gizatiarra” izenburupean arituko dira Jose Ignacio Salazar Aretxalde historialaria eta Juanma Perez de Ana biologoa.
Garai batean mendia nola zaintzen eta banatzen zen (ordenantzak, etab.) azalduko du Salazarrek; eta Perez de Anak, berriz, gaur egun mendia nola tratatzen den aipatuko du, eta antzinatik gure garaira arte egon diren aldaketak deskribatuko.