Urduñako udalak bigarren berdintasun planaren zirriborroa aurkeztuko du gaur arratsaldean. Hitzordua 18:00etan izango da, Urduñako kultur etxean. Apiriletik ekainera 20 elkarrizketa, eztabaida saioak eta diagnostikoa egin dituzte, prozesu parte hartzaile eta inklusibo baten bidez. Orain, herritarren, elkarteen eta Emakunderen ekarpenak jasotzeko tartea zabalduko da, berdintasun plana osatu eta iraileko udalbatzan eztabaidatzeko. Egitasmoa prestatzen eta koordinatzen Harilka elkartea aritu da.
Hala, berdintasunaren alde gobernatzeko neurriak proposatu dituzte. Bigarren berdintasun planak hiru ardatz izango ditu. Lehenengo helburua berdintasunaren aldeko plangintza indartu eta hobetzea izango da. Horretarako berdintasun teknikari bat kontratzea gomendatu dute, besteak beste. Edo, udaleko teknikari eta ordezkari politikoei planaren inguruko informazio saioak eskaintzea. Aurreikusitako beste neurri bat kontratu, dirulaguntza eta akordioetan berdintasunari garrantzia emango zaiola adierazten duten klausulak txertatzea da. Horretaz gain, aurrekontuetan generoaren ikuspuntua txertatzea ezinbestekotzat jo dute, baita berdintasuna sustatzeko ekintzak garatzeko koordinazio egitura baten beharra ere.
Baloreen aldaketa eta emakumeen jabekuntza ardatz hartuta, sexuaren arabera jendartean zabalduta dauden rol eta estereotipoen balore aldaketa bultzatuko dute. Horretarako, ekintza ezberdinak aurreikusi dituzte. Adin guztiei zuzendutako hezkuntzak ere pisu handia izango du, formakuntza eta bestelako ekintzak adin eta eremu ezberdinetako urduñarrei zuzenduko baizaizkie. Besteak beste, gurasoen elkarteei genero eta berdintasunean oinarritutako formakuntza materiala erraztuko zaie, edo eskolaz kanpoko ekintzetan genero ikuspegia txertatuta duten ekintza edo tailerrak eskaini.
Ahalduntze pertsonala eta kolektiboa indartzeko ere egiteko ezberdinak zehaztu dituzte. Eta, nola kirol hala kultur eremuetan emakumeen presentzia eta parte hartzea helburu gisa jarri. Prozesuaren motoreetako bat Urduñako Parekidetasun Batzordea da. Horregatik, haren sustapena garrantzitsutzat jo dute, ahalduntze prozesua gara dadin. Migrazio eta pobreziak sortutako arriskuen aurrean emakumeak harremandu eta laguntzeko sareak sortzea izango da beste xedeetako bat. Plana garatzeko urduñarren parte hartzea handitzea espero eta eskatu dute.
Indarkeriari dagokionean erasokorrak ez diren jarrera ereduak sustatzearen alde egingo dute lan. Horretarako, sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak egingo dituzte. Eta, indarkeria matxista pairatu duten emakumeei babesa, tresnak eta kobertura eman.