Urduñako udalak hiriko zaborrontziak berrantolatzeko proposamena egin du. Horretarako, lau irizpide zehaztu dituzte.
Azaldu dutenez, hondakinak biltzeko gune guztietan zaborra, papera eta plastikoa uzteko aukera egongo da. Era berean, material ezberdinetako hondakinak pilatzeko bi gune berezi jarriko dituztela azaldu dute; papera, beira, plastikoa, arropa, olioa... jasotzeko. Bestalde, herritarren segurtasuna bermatze aldera hondakinen bilketa guneak egokituko dituzte, errepidea zapaldu gabe era seguru batean utzi ditzaten etxeko hondakinak.
Herritar talde baten proposamenari jarraiki, konpostajea bildu eta egiten hasiko dira. Horretarako, proba piloto bat abiatuko dute udan. Momentuz, Trasantiagoko zelaian kokatuko dute konpostajea egiteko edukiontzi berezia. Probak emaitza onak ematen baditu hiriko auzo ezberdinetan jartzeko aukera aztertuko du udalak.