Ikur frankistak zituen udaleko aulki jokoa tapizatu egin dute. Izan ere, bizkarra ipini ohi den gunean frankismo garaiko sinboloak zituzten altzariek. Aulkiak moldatu aurretik, ordea, zeuden aukera posibleak aztertu dituzte. Alde batetik, aulkiak museoren batera bideratzea. Eta, bestetik, Urduñako udaletxeko lekuren batean bildu eta gordetzeko aukera. Alabaina, aulkiak Urduñan bertan eginak direnez, moldatu eta udaletxean uztea erabaki dute.
Desagertutako lanbidearen adierazle
Azaldu dutenez, gaur egun desagertuta dagoen lanbide baten adierazle dira. Horregatik, ezkutu frankistak tailatuta zeuden tokian estalki gorri bat jarri dute. Era honetan, legea bete eta herriko ondarea mantendu eta bultzatzearen alde egin du Urduñako udalak. Aulkiak, orain arte bezala udaletxean daude ikusgai eta erabilgarri.