Herritar talde batek konpostajea egin eta erabiltzeko proba pilotoa jarriko du martxan. Egitasmoa udan abiatzeko asmoa dute. Horretarako, Trasantiagoko zelaian kontainer berezi bat jarriko dute, konpostajea egiteko behar diren ezaugarriak bermatuko dituena.
Proba pilotoan 10 familiak hartuko dute parte. Ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, lehendabizi formakuntza saio labur bat jasoko dute, konpostajea zuzen egiten dela bermatzeko. Erabiltzaile bakoitzak edukiontzia zabaltzeko giltza propioa izango du, hondakin organikoak bertan utzi ahal izateko.
Probak emaitza onak ematen baditu egitasmoa auzo ezberdinetara zabaltzeko aukera aztertuko dute. Herritarrei ekimena azaltzeko eta sentsibilizazio kanpaina bat egiteko udaren ostean kanpaina bat egingo dutela aurreratu dute.