Urduñako udalean agintean den EH Bilduk gogor salatu du aurreko agintaldietan EAJ alderdiak egindako kudeaketa. Sare sozialetan plazaratutako hainbat informazioen bitartez udalerriko zorpetzearen ardura jeltzaleek bultzatutako kudeaketa txarrari leporatu dio koalizioak.
Urduñako zorpetzearen haria jarraituz hainbat obra publikotan izandako gainkostuen inguruko informazioak zabaldu ditu EH Bilduk. Eraikuntza publikoetan EAJ alderdiak aurreko legegintzaldietan izandako arduragabekeria salatuz.
Aduanako eraikinean hotela eta bainuetxea eraikitzeko lanek, esaterako, 3.275.000 euroko aurrekontua izan zuten, lanak bukatuta ordea 6.185.000 euro ordaindu behar izan ziren. Beste hainbat obra publikoetan ere egoera bera salatu du EH Bilduk, Golf Zelaia edo Arbietoko futbol zelaiaren eraikuntza lanen kostuak, hasierako aurrekontuak hirukoizteraino heldu baitziren.
Jardun horrek Urduñako zorpetzean eragin handia izan duela azpimarratu du, guztira 7.136.586 eurotako maileguak eskatu zituen udalak 2004 eta 2007 urteen artean, diru kopuru horretatik egun 4,8 milioi euro ordaintzeke baitaude.
Kreditu operazio horien inguruko informazio eza eta maileguan eskatutako diruaren zati bat ohiko-gastura bideratu izana salatu du “EAJk eskaturiko zorretik bi milioi euro inguruk ez dute inolako proiekturekin loturarik; maileguak urte horietako ohiko gastura bideratu zirenaren seinale” gaineratu du koalizioak zabaldutako informazioan.
Egun zorpetzeak duen eragina ere hizpide izan du EH Bilduk, izan ere 2014ko udal aurrekontutik 400.610 euro zorra kitatzera bideratu beharko da. Arloz arlo duen eragina ere azaldu eta etorkizunean ere udalaren jarduna baldintzatuko duen arazoa dela azpimarratu dute.