VIII. Urduñako Zikloturismo Topaketa antolatu du ekainaren 27tik 29ra Urduñako Txirrindulari elkarteak txirrindulaz gozatzeko asteburu paregabea eskainiz.
Topaketak 27an hasiko dira dortsalen banaketarekin. Larunbatean, ekainak 28, gosariaren ostean, goizeko 9:00etan abiatuko da bizikleta martxa. Martxan zehar burutuko den Urduñako mendatearen igoera kronometratua izango da. Bizikleta martxaren ostean bazkaria bat antolatu dute eta ekintzaz jositako arratsalde batez gozatzeko aukera egongo da: Mus txapelketa, musika, kimuen Bizkaiko txapelketa, erromeria...
Ekainaren 29an, igandea, 9:30tan abiatuko den martxaz gain gaztetxoenentzako bizikleta martxa ere antolatu dute, azken hau goizeko 10:30tan abiatuko da. Azkenik topaketei amaiera emateko babarrun jana antolatu dute.
Aurtengo honetan Urduñako Txirrindulari Elkarteak Euskaltel-Euskadiren 15 urteak omendu nahi ditu, horretarako Euskaltel taldeko hainbat txirrindulari ohik parte hartuko dute topaketetan.