“Gure hizkuntza, gure elikadura, gure mundua” ardatz hartuta, Bizkaiko berbalagunen topaleku bihurtuko da Urduña. Egun horretan, San Juan baserritar-azoka egingo da herrian, eta, beraz, jai giroa ez da faltako egun osoan. Goizeko 10:00etatik aurrera eta arratsaldeko 19:00ak arte, hainbat ekintza gauzatuko dira, batetik, euskara, elikadura-burujabetza eta tokiko produktuak bultzatzeko, eta, bestetik, hiriaren bazter eta txokoak ezagutarazteko.
Gosari agroekologikoarekin egunari gogotsu ekin ondoren, alde zaharretik eta merkatutik egingo da bisita gidatua, eta, besteak beste, bertoko ekoizleen txakolina eta gazta dastatu ahalko dute berbalagunek. Eguerdi aldera, taloak egiten ikasteko tailerra egongo da, eta, ondoren, bazkaria (menua: taloa, sagardoa, postrea eta kafea). Azkenik, bazkalostean, euskal abestiak eta dantzak egongo dira.
Egun osoko txartela 10 euroren truke eskuratu ahalko da bai turismo bulegoan, bai Berbalagun taldeen koordinatzaileen bidez.