Urduñan emakume bat erasotu dutela salatzeko kontzentrazioa egingo dute gaur 19:00etan udaletxe aurrean. Mobilizazioaren leloa "Emakumeen kontrako indarkeriarik ez!" izango da. Elkarretaratzea Urduñako Parekidetasun Batzordeak deitu du; Adi Emakume taldeak, Loraldik, Mugaldek, Caritasek eta udalak. Eraso matxista asteazken gauean eman zen. Atzo salaketa jarri ostean gaur izan du epaiketa erasotzailetzat jo duten haren bikotekideak.
Bost urteetan 33 salaketa
Iaz Aiaraldean 53 salaketa baino gehiago jarri ziren Laudioko komisaldegian. Ertzaintzaren arabera, Urduñan azken bost urteetan 33 salaketa jarritu dituzte, behintzat. Datuak urteka aztertuta 2008an zortzi emakumek jo zuten Ertzaintzara, 2009an zazpik, 2010ean lauk, 2011n hiruk, 2012an bostek eta iaz seik.
Urduñako udalak 2012ko urtarrilean onartu zuen genero indarkeria kasuetan eskuhartzeko protokoloa, erasoen aurrean zer egin zehaztu eta ezagutarazteko. Urduñako osasun zentroa itxita badago Amurrioko anbulatoriora bertaratzeko deia luzatzen da bertan, besteak beste. Baita lagungarriak diren hainbat telefono eskaini ere: Urduñako Gurutze Gorriaren anbulantzia zerbitzua (945383222), Zerbitzu sozialetako gizarte langileena, EIZErena (Gizarte eta hezkuntza arloetan esku hartzeko taldea) eta salaketa jartzeko Laudioko Ertzaintzako komisaldegikoa (944063860).