"Araukariak izugarrizko poza ematen dit"

Aitor Aspuru Saez 2014ko mai. 21a, 09:36

MAIALEN GINEA (Urduña, 1989) diseinatzailea da. Bere lanak zabaltzeko eta gauzatzeko proiektua sortu zuen, Araukaria, eta horren inguruan mintzatu da.

Nola deitzen da zure proiektua eta zertan datza?

MAIALEN GINEA (Urduña, 1989) diseinatzailea da. Bere lanak zabaltzeko eta gauzatzeko proiektua sortu zuen, Araukaria, eta horren inguruan mintzatu da.

Nola deitzen da zure proiektua eta zertan datza?

Araukaria du izena eta eskuz estanpatutako arropa sortzean datza.

Hirugarren bilduma atera berri dut udaberri-udarako. Hasiera batean soilik neska eta mutilentzako kamisetak egiten nituen, gero izerditakoak ere gehitu nituen eta hemendik aste batzuetara jendeak hainbeste eskatu didan umeentzako arroparekin ausartuko naiz.

Ezinezkoa litzaidake zenbat kamiseta saldu ditudan zehaztea, izan ere, bide desberdinetatik saltzen ditut (merkatuak, dendak, internet bidez...) baina hasi nintzenean imajina nezakeen baino askoz gehiago.

Zergatik deitzen da Araukaria zure egitasmoa?

Orain dela urte pare bat Araukaria bat oparitu zidaten, haren itxura bereziak arreta deitu zidan eta zuhaitz berezi honi buruzko informazioa bilatu nuen.

Orduan irakurri nuen Maputxeentzat zuhaitz sakratua dela eta Maputxeek izugarrizko errespetua eta miresmena diotela lurrari. Haien omenez jarri nion nire arropa markari Araukaria.

Lan prozedura berezia duzu, ezta?

Lehendabizi diseinu guztiak barnean hartuko dituen bilduma batean pentsatzen dut, ondoren ordenagailuan diseinatzen hasten naiz, behin diseinuak ditudanean egur zatietan kalkatzen ditut eta hauek moztu egiten ditut diseinuen forma emanez eta diseinuak konplexuagoak direnean karbado teknikaren bidez linoleo antzeko plantxa batzuetan egiten ditut.

Behin "moldeak" izanda, margoa ematen diet eta arropan estanpatzen ditut. Ondoren, labe berezi batzuetatik pasatzen ditut margoa behin betiko finkatzeko.

Blog bat daukat zeinean arroparekin postak igotzen ditudan. Blogean katalogoa ere ikus daiteke eta kamisetak egiteko jarraitzen dudan lan prozeduraren bideoa ere bai. (araukariablog.blogspot.com )

Nola bururatu zitzaizun proiektuan murgiltzea eta zer ikasi duzu

Publizitatean lizentziatu nintzen, ondoren, Bartzelonan Arte Zuzendaritza ikasi nuen eta Diseinu grafikoan masterra daukat.

Kontuan izanda moda ere betidanik gustuko izan dudala, guzti honen batuketa egitea bururatu zitzaidan eta hara non sortu zen Araukaria.

Zein da zure asmoa Araukariarekin, uste duzu zure lana bilakatu daitekeela?

Lagunek eta familiak animatuta proiektu honetan murgildu nintzenean, ez nuen halakorik imajinatuko, izan ere, itxaropen gutxi eta beldur askorekin hasi nintzen. Baina Araukariak izugarrizko poza ematen dit, oso arrera ona izan du hasieratik eta honek aurrera jarraitzeko eta gauza berriak egiteko gogoa ematen dit, beraz, jendearen erantzunaren araberako erabakia izango da hori.

Non lortu daiteke Araukariako materiala?

Eskariak email bidez edo facebook-etik mezu pribatu bat bidaliz egin daitezke. Baita niri zuzenean eskatuz ere.

Merkatuetan ere egon gara noizbait. Honen guztiaren berri Facebooken ematen dut.

Bestalde, Amurrion Proiekta Estudio dendan ere arropa dago salgai.

Emaila: araukaria.araukaria@gmail.com

Facebook: www.facebook.com/Araukaria

Bloga: araukariablog.blogspot.com

Instagram: http://instagram.com/araukaria_blog_

Aprobetxatu nahiko nuke eskerrak emateko, facebooketik, instagrametik, blogetik... Araukaria jarraitzen duzuenoi, mila esker zuen konfidantza, elkartasun eta hitz politengatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide