Gaur ekingo diete Urduñako Otxomaio jaiek bigarren txanpari. Maiatzaren 7an hasi ziren, eta igandea bitarte ekitaldi ugari egongo dira. Naiara Merino jaietako zinegotziak adierazi duenez, lehen zatiko balantzea oso positiboa izan da: “Egunez eta gauez antolatutako ekitaldietan jende askok hartu du parte”. Asteburuan bisita ugari jaso ditu Urduñak: “Inguruetatik eta kanpotik jende asko etorri da jaietara”. Aurtengo berrikuntzetako bat edalontzi berrerabilgarriena izan da. “Jaietan ere garbitasuna mantentzea eta birziklatzea zen helburua, eta bete egin da. Iaz herri ikastetxean egindako kontzertuetan 7-8 kontainer bete genituen plastikozko edalontziekin; aurten bi baino ez”, zehaztu du Merinok.
29 ekitaldi
San Isidro egunarekin hasiko da jaietako bigarren zatia. Oro har, adineko pertsonak izango dira protagonistak, meza eta herri bazkaria izango baitute. Arratsaldean, berriz, pilota eskolako gazteen partidak egongo dira frontoian. Umeek ere izango dute zerekin jolastua, barraken prezioa %50 murriztuko baita. Eguna amaitzeko, 18:30ean Kanpa erromeriarekin dantzatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Ostiralean 16:30ean abiatuko da festa, umeentzako tailer eta jolasekin. 17:00etan saskibaloi partidak egongo dira, eta 20:30ean playback eta koreografia txapelketa. Herriko koadrilen txikiteo eta afaria izango dira eguneko protagonistak. Parrandazaleek, berriz, Trikizio taldearen erromeria izango dute Foru plazan.
Larunbatean urrezko aizkora proba egongo da, 12:00etan. Kale animaziorik ere ez da faltako, Santa Zezilia bandak kalejira egingo baitu eguerdian. 13:00etan buruhandiak egongo dira, eta 15:00etan Mugalderen herri bazkaria Gernika plazan. Arratsaldean eta gauean txapelketak izango dira nagusi. Batetik, 19:00etan “Urduña hiria” aurresku txapelketa egongo da Gernika plazan. Eta, bestetik, 22:00etan Gualdetxu MBT taldearen gaueko bizikleta martxa. Goizaldean, berriz, Liborio kolektiboak antolatutako kontzertuak egongo dira: Soviet, Seiurte, La Raiz eta Alamedadosoulna taldeak, hain zuzen ere.
Igandean bukatuko dira jaiak, Bihotza panpinaren erreketarekin. Bienbitartean, ordea, makina bat ekitaldi egongo dira, bertaratzen direnen gozamenerako.