IVAN ABASOLO (Urduña, 1983) toreatzailea da. Larunbatean Urduñako zezen-plazan ariko da Migel Murillorekin batera Otxomaio festen baitan antolatu duen jaialdian.
Noiz eta nolatan hasi zinen toreatzen?
Txikitatik datorkit zaletasuna. Nire aiton-amonek zezena ikustera eramaten ninduten, zaletasun handia zuten. Txikitatik errespetua hartu nion zezenari eta zaletasunari. Zezenekiko tradizio handia duten aldameneko herriek ere izan zuten eragina nigan. 16 urterekin toreatu nuen lehen aldiz Truziozen. Geroztik, gaur arte horretan dihardut.
Nola laburtuko zenuke orain arte egindako bidea? Zenbat plaza egin dituzu?
Buf, bide oso gogorra izan da. Urduñan, Balmasedan, Laudion... salbu ez dut gehiegi toreatu, inguruko herriek eman didate plazaratzeko aukera gehien. Ez didate sekula eman merezi dudala uste dudan aukera. Bilbon, esaterako, asko izorratzen dit gizon baten begiko ez naizelako "paseilloa" ezin egiteak. Euskadin ez naute babesten... Egoera tamalgarria da, baina egunetik egunera geroz eta babestuago sentitzen naiz zaleen aldetik. Seguru egunen batean gauzak argitu eta zirkulua ixten doala sentitzen dudala! Orain arte, 38 jaialditan hartu dut parte, horietako bi bentetan. Iaz, Guadalajarako Jadraque ferian saritua izan nintzen.
Pertsonalki, zer eman dizu toreatzaile izateak?
Bizitza osoa daramat toreatzen. Zalego talde garrantzitsua dudala pentsatzen dut. Oso serio hartzen dut, ordu asko ematen ditut entrenatzen.
Eta kendu?
Gauza asko esan nitzake. Ezagutzen nauten denek dakite ez zaidala jendea aspertzea gustatzen. Ez dut etsiko. Nire helburua sorbalden gainean ateratzen naizenean nigan konfiantzarik izan ez duten horiei muturrekoa ematea da.
Nolakoak dira entrenamenduak?
Oso gogorrak. Eliteko kirolariak adina entrenatzen dugu, nik oso serioski hartzen dut. Eguneroko lan gisa hartzen dut, lanbide honetan etengabe egon behar baitzara oso ondo prestatua. Ez da broma, lagunak nirekin datozenean erritmoa jarraitzea kosta egiten zaie!
Aurrera egiteko laguntza ala oztopoa, zer izan duzu gehiago?
Toreatzaile munduan gora iristea zorte eta laguntza kontua da. Bietariko pixkat ez baduzu ezinezkoa da urruti iristea.
Kirol arriskutsua al da?
Oso, bizitza arriskuan jartzen dugu. Akats batek bizitza osoa kolpa lezake. Hemen ez dago ez tranpa ez kartoirik. Trapu batekin tona erdi pisatzen duen animali bat menperatzeak 65 kilorekin badu meritua! Tripa aldamenetik 20 bat aldiz pasatzen dugu, nahiz eta akats bat izatekotan animalia irrazionala denez segundu baten dezima batzuetan gurekin amai dezakeela jakin.
Zezenketen polemika aspaldikoa da. Zer esango zenioke zezenketak animaliak torturatzearekin lotzen dituenari?
Beti egon da polemika hori, baina beti egon da mundu hau gogoko dugunekiko errespetua ere. Ni, esaterako, ez zait ehiza ez arrantza gustatzen... Eta ez litzaidake burutik pasako horren kontra jartzea, badakidalako gustatu ahal zaion jendea dagoela. Zezenketetara joan nahi duena hurbildu dadila, eta maite ez duenak errespeta dezala. Bakoitza nahi duena egiteko librea izan behar da! Nire ustez, une hauetan badira konpondu beharreko gauza gehiago: lana... Esan dezakedan bakarra bizitza salbatzeko aukera duen espezie bakarra dela da; eta lortzen dutenean erregeak bezala bizi direla. "Bataila guneetan" irabazten dutenean ganadu etxe onenetara bideratzen dira; iaz Sopuertan gertatu zen bezala.
Aurtengo Otxomaio jaiak zuretzako bereziak izango dira. Zergatik?
Urduñako zaleek ni ikusteko aukera izango dutelako. Maiatzaren 10ean, larunbatean, izango da hemen egiten dudan bigarren zezenketa. Larunbatean denbora alperrik galtzen ez nabilela ikusteko aukera izango dute. Irabaztera joango naiz, zezenketa oso potoloa izango da, disfrutaraztea espero dut. Ilusio handia dut eguna ailegatzeko. Horregatik, hemendik, zale guztiei eskerrak eman nahi dizkiet, nigan jarritako konfiantzagatik. Bereziki, Urduñako "8 mayo" zezenzale kluba eskertu nahi dut. Bestalde, jai zoriontsuak opa diot Urduñara hurbiltzen den orori! Ea nire herriko zezen-plazan asko gozatu eta elkar ikusten dugun!