Jai-giroa eta kirola uztartzeko asmoz, iragan urteko Otxomaioetan lehenengoz antolatu zuen Gualdetxu Mendi Bizikleta Taldeak gaueko ibilaldia, maiatzaren 17an, 22:00etan.
Horren arrakasta ikusita, aurten ere hitzordu berezia errepikatu ahalko dute mendi-bizikleta zaleek. Ibilbidea 27 kilometrokoa izango da (zailtasuna: erraza eta ertaina artean).
Foru plazatik hasita, Alde Zaharretik egingo dute buelta txirrindulariek; ondoren, Babiorantz abiatuko dira, eta handik Belandiara jaitsiko, non horniketa tokia egongo den. Gualdetxu elkarteko kidea den Joseba Elorrietak adierazi duenez, Urduña inguru ezin hobea da ibilaldia hartzeko, bertako baso eta pista paregabeei esker.
Oraingoan, baina, Babiotik Belandiarako jaitsiera aldatu egin dute, iazkoa baino errazagoa eta politagoa izan dadin. Adin-tarte eta kategoriei dagokienez, BTT ibilaldia edonork egin dezake: emakume zein gizon; gazte, heldu zein adineko. Adingabeen kasuan, nagusi batek lagunduta joan beharko dute.
Halere, azpiegitura dela-eta, 200 pertsonek parte hartu ahalko dute gehienez. Horrez gain, kirola sustatu ez ezik, ekitaldiak izaera herrikoi eta parte-hartzailea ere baduenez, ibilbidea amaitu eta gero parrillada egongo da.
Segurtasuna
Antolatzaileen arabera, segurtasun neurriak erabat bermatuko dira, besteak beste, ibilbidea markatuta egongo da, bidegurutzeetan kokatutako jendeak bidea adieraziko du, anbulantziak egongo dira, eta kirolarien atzetik laguntza-botikina joango da. Zentzu horretan, beraz, parte-hartzaileek ez dute inolako kezkarik izan behar.
Gualdetxu MBTren webgunean eman daiteke izena, bai eta elkarteak Facebooken duen profilean ere.
Aukera aparta, bada, kirola, mendi-bizikleta, natura eta zirrara maitatzen dituztenentzat. Izan ere, Elorrietaren hitzetan, “Urte batzuen buruan gaueko BTT ibilaldia klasiko bihurtzea“ espero dute.
Haurrentzako martxa
Era berean, herri-eskolako gurasoen elkarteak haurrentzako bizikleta-ibilaldia prestatu du egun horretarako.
Herrigunetik izango da, eta 4 urtetik 10 urtera bitarteko neska-mutilek korritu ahalko dute gurasoekin batera.