Larunbat honetan, maiatzaren 3an, ospatuko da Urduñako produktu ekologikoen lehen azoka. Aurten, maiatzeko eta ekaineko feriak banatu ditu udalak. Hala, maiatzean elikagaien azoka egingo da. Eta, abeltzainena, berriz, ekainaren 22an. Aldaketarik nagusiena tokiarena izango da, zezen plazan egin ordez azoka Foru Plazan gauzatuko baita.
Feriaren ezaugarriei dagokionez parte-hartze bikoitza izango du. Batetik, hilabeteko lehen larunbatetan merkatura hurbiltzen diren baserritarrak egongo baitira. Eta, bestetik, inguruetako ekoizle ekologikoak.
20 postu eta bi tailer
Guztira 20 postu egongo dira. Besteak beste, gazta eta esnekiak, barazkiak, txakolina, arrautzak, ogia, euskal pastela, garagardoa, landareak, marmeladak, lekaleak, sendabelarrak eta Añanako gazta. Horretaz gain, bi tailer ere izango dira: ogia egiten ikastekoa eta lorezaintzakoa.
Goiz osoan zehar musika eta kale animazioa izango dira nagusi. Hala ere, aldarrikapenek ere izango dute tarterik; frackingaren kontrako sinadura bilketa eta Ekologistak Martxanek antolatutako birziklapen eta konpostaje kanpaina ezagutzeko aukera ere egongo baita.
Horretaz gain, 2014ko Ibilaldia laguntzeko postua jarriko dute.