Urduñako Bainuetxeko langileek erabaki dute greba ez egitea momentuz. LAB sindikatuak adierazi du enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu dutela eta baldintzak beteko balira ez litzatekeela protestarik egongo.
Astean zehar heldu dira akordio batera eta atzo bertan berretsi dute. Horren arabera, enpresak ordaindu die langileei zor zizkion bi soldata. Oraindik beste bi soldata ordaindu gabe daude, baina zuzendaritzak konpromisoa hartu du eta esan die hurrengo bi hilabeteetan egingo duela.
Hiru langilek ez dute dirua jaso oraindik, talde bereko beharginak izan arren, beste enpresa batekoak baitira. Bere lankideek adostu dute greba bertan behera utzi eta itxarongo dutela, baina hiru langile horien zorra -behintzat zati bat- ez bazaie ordaintzen hurrengo egunetan, maiatzaren 1ean grebari ekingo diote langile guztiek.
Bestalde, zuzendaritzak adierazi die langileei dauzkan zailtasun ekonomikoak gainditzeko inbertitzaileen bila dagoela.