Sonia Guerrini historialaria eta arkeologoa da (Bilbo, 1980). Deustu eta Granadako Unibertsitateetan ikasi zuen eta Urduñako Gaztetxean aritu da lanean. Gazte Asanbladako kideekin indusketak egin eta gero aurkikuntza interesgarriak egin dituzte.
Zergatik hasi duzue indusketa arkeologikoa Urduñako Gaztetxean?
Gaztetxeko kideak -antza oso aktiboak dira eta ezinezkoa zaie geldirik egotea- eraikina egokitzen daude eta oso polita uzten ari dira. Eta zorua berdindu nahi dute.
Haien kabuz pentsatu zuten zorua pikatzea eta berdintzea, baina Udalak eta Foru Aldundiak jakinarazi zieten Gune Historikoan dagoela eraikina eta arkeologo batek ikusi behar duela, gauzaren bat agertuko balitz, norbaitek dokumentatu dezan. Gainera Gaztetxearen horma bat Urduñako Erdi Aroko Hesiaren zatia da.
Eta hor egon dira Gaztetxekoak arkeologo baten bila. Azken finean ez dute diru-laguntzarik jaso Foru Aldundiaren partetik eta haien kabuz egin dute.
Hainbat arkeologoekin hitz egin zuten nirekin topatu arte eta baimenak lortu ostean indusketari ekin genion.
Zer aurkitu duzue?
Nik espero nuena baino askoz gehiago. Bi lagin egin ditugu. Hau da, bi zulo ezberdin ireki ditugu lur azpian zer dagoen jakiteko.
Lagin batean ez da ezer interesgarririk agertu. Baina bestea ezberdina izan da. Printzipioz indusketak 10 metro luzerakoa eta 2,5 metroko zabalera izan behar zuen baina azkenean ia 5 metroko zabalera izan du.
Isurbide bat topatu dugu, XVII. edo XVIII. mendekoa. Harri zabal ikaragarriak ditu eta penintsulan aurkitu ditudan adibideen artean hau da politena. Lauza guztiak ikusten dira, eraikinetik errekaraino.
Bestalde, handik nahiko gertu horma bat topatu dugu. 13 metroko luzera du eta 2 metroko altuera. Horma ikusgarria da, ikus daiteke fase ezberdinetan eraiki zela, etxearen ateak ere ikusgai daude. Hortaz, antza, Gaztetxea dagoen eraikina lehen ez zen existitzen.
Kale bat zen eta hortik igarotzen zen isurbidea. Eta beste etxe bat zegoen, oraingo eraikinarekin zerikusirik ez zuena. Horma ezberdinarekin. Hau ere XVII. edo XVIII. mendekoa.
Interesgarriena izango da jakitea zein zen Urduñako Hesiarekin zuen harremana. Argi dago horma hesiraino heltzen zela, baina ikertu behar dugu zein zen haien arteko harremana.
Hori da interesgarriena Urduñako historiaren ikuspegitik.
Eta zer edo zer gehiago agertu da?
Herri erdia Gaztetxetik pasa da galdetzen ea txanponen bat agertu den (barre egiten du). Ba ez, txanponik ez. Koilara bat, kate zati bat eta zapata bat agertu dira.
Oinetakoa oso interesgarria da. Abarka antzekoa da, larruzkoa, eta zola brontzezkoa da. Nire ustez ogibide bati lotuta dago.
Aurkitutakoa Bizkaiko Museo Arkeologikora eramango dugu. Eta bertan ez dute uste horrelako zapatarik dagoen.
Horrela bada, jarri beharko dute 2014an topatu zutela Urduñako Gaztetxean.
Hurrengo urratsa zein da?
Maila sakonagora heltzea. Landa eremuan egingo bagenu, harkaitz naturaleraino egingo genituzke indusketak. Hau da, gizakiek eraiki duten puntu baxuenera.
Baina eraikin batean denez, ziurrenik egindakoa estaliko da oihal berezi baten bitartez. Eta etorkizunean arkeologoren batek erabakiko balu sakontzea, aukera izango luke.
Agertu dena oso interesgarria da. Ikusi dugu etxea zegoen lekuan geruza ezberdinak daudela eta ondo bereiz daitezke.
Kendu dugun lehenengo geruza lurra zen, ziurrenik uholde baten ondorioz, beste batek errautsez dago osatuta. Litekeena da edo sutea egotea edo norbaitek erretzea gero eraikina egiteko. Horren azpian karea topatu dugu eta maila sakonago batean teilak aurkitu ditugu. Gaur egun egiten den moduan, ziurrenik lekua teilaz bete zuten, duela mende bat ziurrenik.
Horien azpian hesia eta isurbidea dago eta horren azpian teila gehiago daude. Teila horien azpian, buztina agertu da, beraz izan liteke azpian gauza gehiagorik ez egotea.
Zerbait goraipatuko zenuke bereziki?
Bai, gazteek egin duten lana. Lan handia egin dute eta oso pozik nago haiekin.