Hainbat elkartez zein eragilez osatutako Jai Batzordeak egitarau oparoa prestatu du aurten. Txupinazoa aste bitartean izango da, 7an (asteazkena) 19:00etan, baina maiatzaren lehenengo asteburuan giroa berotzen joango dira urduñarrak. Festak hasi aurreko egunetan, esaterako, gazteen txirrindularitza lasterketa korrituko da, eta, hilaren 3an, tokiko produktu ekologikoen feria egingo da, lehenengoz.
Otxomaio egunean, meza nagusiaz gain, buruhandiak, Santa Zezilia bandaren kontzertua, kale-animazioa eta beste hainbat ekintza egongo dira. Urtero legez, haurren eguna 9an izango da, eta egun horretan ere jokatuko dira profesionalen esku-pilota partidak. Biharamunean, zezenketa egongo da arratsaldean, eta Gazte Asanbladak antolatutako kontzertuak gauean. Igandean, bakailao txapelketa hartuko du Urduñak, eta etxeko txikientzako mendi-ibilaldia egongo da.
Bigarren asteburuari dagokionez, herri-bazkaria larunbatean izango da, 17an, bai eta BTT ibilaldia ere gaueko 22:30ean. Jaiak 18an amaituko dira, eta 21:30ean erreko da Bihotza.
Era berean, bertoko musika-talde eta musikariek presentzia esanguratsua izango dute aurten. Hala, besteak beste, Hotza, DJ Juanma, Habana 537, Izargi, eta Liborio Kolektiboko beste zenbait talderen doinuak entzun ahalko dira.