Urduñako Udalak sukaldea kudeatzeko eredu berria eskainiko du laster. Orain arte, kontratatutako enpresek janaria prestatu ez ezik, hornidura lanak ere egiten zituzten. Aurrerantzean, ordea, udalak planteamendua aldatu nahi du eta kanpoko enpresen eskumenak murriztuko ditu.
Udal sukaldearen bidez tokiko eta garaiko produktuak sustatuko dira. Sukalde zerbitzuetarako lanpostuak sortzeaz gain, herriko merkatari eta ekoizleei lana emango die egitasmoak. Horrela jaki ekologiko eta hurbilei lehentasuna eman nahi diete eta gainera inguruko ekonomian eragin.
Izan ere, bertatik hornitu nahi dituzte jantokiari lotutako udal zerbitzuak. Momentuz Adin Nagusikoen egoitzan abiatuko dute proiektua. Etorkizunean, ordea, La Muerako eta herri ikastetxeko jantokia bertatik kudeatzea gustatuko litzaieke. Udal sukaldearen zerbitzu eta kudeaketa lehiaketa bidez erabakiko da apirilean.