Urduñako udaleko gobernu taldeak, 2014. urterako eginiko Udal Aurrekontuen zirriborroaren nondik norakoak aztertzeko Batzar Informatiboa deitu du bihar arratsalderako. Herritarren aurrean aurrekontuetan finkatzen diren lehentasunak azaldu eta udalaren dirua zertan gastatzen den eztabaidatzea du helburu batzarrak. Hitzordua arratsaldeko zazpiretan da, Kultur Etxean.
Legegintzaldian aurrenekoz
Legegintzaldia hasi zenetik Urduñako udalak aurrekontuak aurkeztuko dituen lehen urtea dugu 2014. Orain arte udalak bizi izan duen egoera ekonomiko itogarriaren eraginez, aurrekonturik ez egitea erabaki zuen gobernu taldeak. Bildu koalizioak gehiengoa duen arren, udal ekonomia okerrak aurrekontu errealistak egitea eragozten zuela eta hartu zuen erabakia.
Tirabira handien ostean, Bizkaiko Foru Aldundiarekin izenpetutako akordioari esker, egoera ekonomikoa bideratzea erdietsi du udalak. Egoera egonkortuta aurrekontuak egiteko unea heldu da, oraindik ere zorrak Urduñako ekonomia baldintzatzen duen arren.
Txostena eskuragarri
Udaleko gobernu taldeak eginiko zirriborroa eskuragarri dago urduna.net webgunearen bitartez, albiste honetan erantsita topatu dezakezue ere. Udalak txostena ahalik eta ulergarrien izan dadin ahalegina egin du, herritarren arteko eztabaida eta kontrol lana sustatu aldera.
Guztira lau milioi eta erdiko aurrekontua dugu, hainbat sailetan banaturik: ongizatea, kultura, ogasuna, obra eta zerbitzuak, hirigintza edota promozio ekonomikoa.