Iazko uztailaren 15ean anbulantziarik gabe geratu zen Urduña. Zerbitzu hori, lehen, Gurutze Gorriko gidari batek eta erizain-laguntzaile batek ematen zuten, baina Osasun Sailak erabaki zuen anbulantzia kentzea eta Amurrioko anbulantziaren bidez artatzea Urduñako herritarrak.
Erabaki horrek, bada, Urduñako eta Amurrioko alkateen kritika eragin zuen, eta zerbitzuak okerrera egingo zuela adierazi zuten.
Urte bat igarota, emaitzek, ordea, kezka baretu dute; “Eusko Jaurlaritzak hartu zuen ardura eta zerbitzua indartuz ez da eragozpenik egon”, Karlos Arranz alkatearen esanetan. Lanpostuak Eusko Jaurlaritzakoak izatera pasatu dira.
Osasun Sailak orain arte egindako lanaren ebaluazioa egin du, eta lortutako datuek zera erakutsi dute: anbulantziak Amurrriotik Urduñara joan behar badu ere, erantzun denbora minutu batean murriztu dela.
Gainera, Amurrioko anbulantziak erizaina du, eta, hortaz, Osasun Sailaren aburuz, arreta hobea ematen zaie erabiltzaileei.