Duela ia bi urte Zaharra kaleko eraikina okupatu zutenetik, Gazte Asanbladak aldaketa ugari egin ditu bertan, besteak beste, hormetako harria atera, egurrezko habeak berriztatu, tabernako barra jarri, kontzertuak egiteko gunea egokitu eta boulderra egin. Oraingoan, bada, entseguetarako lokala prestatzen hasi dira. Horrela, bai musika-taldeek bai norbanakoek aukera izango dute musika eginez gozatzeko.
Behin lokala aukeratuta, onurak eta kalteak baloratzeari ekin zioten gazteek. Ondoren, intsonorizazio-materiala eta hainbat taula eskuratu zituzten eta 2 ate jarri. Horrez gain, aire-ganbera efektua lortze aldera, paretetan iltzatutako egurrezko takoen gainean taulak ipiniko dira.
Obrak amaitu bezain pronto, entseguak egin gura dituzten talde edo bakarlariekin harremanetan jarriko da Gazte Asanblada.