Urduñako Gazte Asanbladako kideek Gaztetxe Eguna deitu dute larunbaterako.2012ko martxoaren 25ean Gaztetxea okupatu zutenetik konponketa lanak etengabeak izan dira, tartean hainbat ekimen egin dituzten arren. Eraikinak aldaketa sakona izan du eta hori ospatzeko festa antolatu dute.
Bi eraispenak gogoan
Gaztetxe Egunak, Urduñan izandako bi eraispen ekarri nahi ditu gogora, izan ere 2002ko urtarrilaren 17an Gazte Asanbladak okupaturiko RENFEko etxea behera bota zuten. Egun berean baina lau urte beranduago, 2007ko urtarrilaren 17an alegia, Merkatu Plaza zaharrean kokatutako Gaztetxea eraitsi zuten.
Egunari hasiera emateko Gazte Asanbladaren historiaren argazki eta bideoak izango dira ikusgai. 14:00etan trikipoteoa abiatuko da eta ordu bete beranduago bazkaria izango da. Arratsaldeko 18:30etan kontzertuak izango dira: Five Corners, Kasu!, Ukan eta RPV. Ekintza guztiak Gaztetxean bertan izango dira.