Maria Servini epaile argentinarrak frankismoan eginiko krimenak direla eta abiatutako prozesuaren baitan Euskal Herriko hainbat ordezkari izan dira Buenos Airesen burutzen ari den bista bertatik bertara jarraitzen. Karlos Arranz Urduñako alkatea ere bertan izan da euskal ordezkaritza zabalaren parte gisa.
Besteak beste Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Komisioko kideak edota poliziaren aldetik tortura eta gehiegikeriak jaso izan zituzten biktimak ere joan dira Argentinako hiriburura. Baita Otxandioko eta Urduñako udaletako ordezkariak ere.
Izan ere, gerrak eta gerraosteak Urduñan eragin handia izan zuten. Fronteaz gain kontzentrazio esparrua eta espetxea egon ziren hiri bizkaitarrean.
Joseba Egigurenen egindako ikerketaren arabera, Urduñako kontzentrazio eremuak eta espetxeak 50.000 preso inguru izan zituen eta bertan berrehun hildakotik gora izan ziren, oraindik ere hiriko eremu ezezagun batean lurperatuta jarraitzen dutelarik.Irailean Kontzentrazio eremuan egondako presoei omenaldia egin zieten. Duela gutxi, kaleetan zehar geratzen ziren plaka frankistak kendu zituzten.