Iazko eguberrietan egin bezala, aurten ere Urduñako gaztetxean bertso saioa izango da. Guztira sei bertsolari izango dira Urduñan, datorren astean BECen izango den 2013ko Bertsolaritza Txapelketa Nagusiaren finalean den Beñat Gaztelumendi gaztetxeko oholtza gainean arituko da. Berarekin batera, Peio Ormazabal, Miren Amuriza, Ruben Sanchez, Ohiana Bartra eta Izar Mendiguren laudioarra arituko dira. Unai Menbidil amurrioarra izango da gai jartzaile lanetan.
Iazko esperientzia onari jarraiki, Urduñan bertsozaletasuna badela agerian utzi nahi du Gazte Asanbladak, jende gazteak batez ere lepo bete zuten eraikina pasa den urteko saioan. Aurtengo edizioan ere antzeko arrakasta espero dute antolatzaileek. Hitzordua abenduaren 27an gaueko bederatzietan da, sarrera doakoa delarik.