Musikaren zazpigarren astea antolatu dute Liborio musikarien kolektiboak eta Urduñako udalak. Azaroaren 15etik 24ra bitarte askotariko musika doinuak entzun ahal izango dira Urduñako hainbat txokotan. Azaroaren 15ean, umeen egunean, txikienek musika gertutik senti dezaten Santa Zezilia Bandak kontzertu didaktikoa eskainiko du. Santa Maria elizan izango da, 20:00etan, eta neska-mutilek aktiboki parte hartuko dute, bandarekin batera abestuz, Horrez gain, “Gulliver Liliputen” ipuin musikala entzun ahal izango da.
Kontzertuak eta poteo musikala
Azaroaren 16an, larunbatean, kalea girotzeko kontzertuak egingo dira, urduñarrei musika hurbiltzeko asmoarekin. Hiru leku eta ordutan izango dira: 18:00etatik 20:00etara Gernika plazan; 20:00etatik 22:00etara Barria eta Burgos kaleen arteko plaza txikian; eta 22:00etatik 00:00etara Foru plazan.
Igandean, aldiz, poteo musikala egingo dute. Iazko arrakasta ikusita, aurten bi egunetan izango dira kontzertuak: 17an eta 23an 13:00etatik 15:00etara. Igande bakoitzean 8 taldek joko dute aldi berean hiriko hainbat tabernatan.
Azaroaren 22an, ostiralean, musika-taldeen eguna ospatuko dute. Santa Zeziliaren omenez doinu, ahots eta estilo ezberdinak uztartuko dituzte Santa Maria elizan 20:00etan hasiko den emanaldian.
Azaroaren 23an, berriz, Foru plaza eta alde zaharreko kaleak agertoki izango dira egun osoz. 13:00etatik 15:00etara poteo musikala egongo da eta 17:00etan Fi ta Fik euskal musika-eskolako ikasleek kalejira egingo dute. Ondoren, 20:00etan, Liborio Kolektiboko taldeek ez ezik, poteoan parte hartu duten musikariek ere joko dute Jam Session saioan, Foru plazan. Azaroaren 24an emakumeen aurkako genero indarkeria musikaren bidez salatuko dute txistu kalejira eta bandarekin. Seikote batek minueta abestuko du. Jarraian, ekitaldia gauzatuko da, eta amaitzeko bandak kontzertu txikia eskainiko du.