Udalerri txiki eta ertainek bultzaturiko proiektu jasangarriak saritzea du helburu Conama sariak, hautatutako proiektuen artean udalak La Paul eremuan bultzatzen ari den bainurako aintzira ekologikoa agertzen da. Guztira estatuko 37 proiektu ezberdin hautatu dituzte 5000 biztanleko udalerrien artean jasangarritasuna helburu duen lehia honetan. Ohorezko saria da Conama, garaileak ez du dirurik irabazten.
La Paul ingururako laku ekologikoa eta aisialdi gunea gauzatzeko egitasmoak urtebete egin du. Udalak, iragan urriaren 24an eginiko Hirigintza Arloko Batzar Orokorrean aurkeztu baitzuen, ordutik hona proiektuaren erredakzioa gauzatu da.
Duela sei urte igerilekuak kaltetu zirela eta, bainurako alternatiba bideragarri eta ekologiko gisa aurkeztu zuen udalak bainurako laku ekologikoa egitea. Proiektuak, Bizkaiko Foru aldundiaren babesa ere jaso du, aurten ingurugiroaren hobekuntzarako emandako diru laguntzen artean egon baita, guztira jasotako 38.000 euroek proiektuaren erredakzioaren %80 suposatu dute.