Lehendakaritzako foru diputatu Unai Rementeriarekin bildu ziren astelehenean eta prentsa-ohar bidez horren balorazioa egin du plataformak. Euren hitzetan “Nahikoa desilusionatuta irten gara bileratik. Badakigu konponbidea ez dela erraza baina uste dugu Diputazioa gehiago inplikatu behar dela eta Urduña lagundu behar duela”.
Plataformak Rementeriari azaldu zion moduan, Urduñak 5,3 milioi euroko zorra du finantza-erakundeekin aurreko legegintzaldietan egindako lau obren ondorioz (Aduana, Arbietoko futbol zelaia, golf-eskola eta bolatokia). Lan horiek 4,1 milioi euroko aurrekontua bazuten ere, azkenean 8,4 milioi euro ordaindu ziren.
Era berean, urte asko dira hirian egin diren inbertsioek ez dutela urduñarrengan eragin positiborik. Izan ere, prentsa-oharrean adierazi dutenez, “Azkeneko urteotan gure hiria hiltzen utzi da (ez dago industria-ehunik, industrialde fantasma eraiki da, ez dago beharrak behar adina asetzeko kirol-azpiegiturarik, etab.). Foru-erakundeak ez ditu urduñarrak behar bezala zaindu”.
Horren aurrean, hauek izan ziren Unai Rementeriaren hitzak: “Aldundiak ez du inongo udaletan esku hartuko. Berdin da agintean nor dagoen. Udal bakoitza bere ekintza eta erabakien jabe da. Foru-arauen bidez arautzen da dena. Lehen %100eko zorpetzea baimentzen zen, orain, ordea, %60ekoa”.
Momentuz, Udalak jasoko lukeen laguntza bakarra –111/2013 Foru Dekretuaren arabera– 251.000 eurokoa izango litzateke. Betiere foru-erakundeak eskatutako bideragarritasun- eta saneamendu-plana betetzen bada. Gainera, plana onetsi ala ez, 300.000 € jasoko lirateke Urduñederra sozietatea onbideratzeko. Hau da, Urduñak 501.000 € eskuratuko lituzke soilik, metatutako zorra 5,3 milioi eurokoa denean.
Plataformak dionenez, “Zorra oinordetzan hartua da. Nori dagokio beraz zor-portzentaje hori bere gain hartzea? Aurreko legegintzaldietan metatutako zorraren ondorioz heldu gara egoera jasanezin honetara, zorpetzea larria da”.
“Urduñak merezi du” plataformak badaki zor hori kitatzeko moduak daudela eta, beste neurriren artean, Bizkaiko Foru Aldundiak 5,3 milioi euro horiek kitatzea proposatzen dute eta Urduñako Udalarekin negoziatzea itzulketa-epea hainbat urtetan egiteko.
Halere, Foru Aldundiak proposamen hori baztertu duenez, plataformak uste du “foru-erakundeak ez diola arazoari konponbiderik ematen. Eta, beraz, Urduña baztertuta uzten ari da”.