Gaur goizean bilera izan dute "Urduñak merezi du" plataformako kideek eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek; Bilboko Aldundiaren jauregian zuten hitzordua, hiriak bizi duen egoera ekonomikoa eta zorpetzearen inguruan aritzeko. Aldundiaren aldetik, Unai Rementeria presidentzia diputatuak eraman du foru erakundearen ordezkaritza bileran.
Uztailan zehar plataformak alderdi politiko ezberdinekin bildu zen (EAJ, Bildu, PSE eta PP) hiriak bizi duen egoeraren inguruan alderdien inplikazioa bilatu eta irtenbideak adosteko asmoz.
Herritar plataformak argi utzi nahi izan du, Aldundiari udalerriak pairatzen duen zorpetzearen aurrean irtenbide integrala bilatzeko asmoa adierazi nahi diotela; foru erakundeak proposaturiko 500.000 euroko ekarpena, arazoari aurre egiteko eskasa dela baiteritzote. Hori dela eta, hiriak egun duen zorra, ia sei milioi euro, bere gain hartzeko eskatu diote plataformako ordezkariek Aldundiari, Urduñako udalarekin batera kopuru honen itzulerako baldintzak adostuz.
Urduñako udalaren zorpetzean Bizkaiko Foru Aldundiak ardura duela adierazi du "Urduñak merezi du" plataformak igorritako prentsa oharrean, eta horregatik instituzio honen inplikazio beharra nabarmendu dute.