Urriaren 13an izango da eta duela urte batzuk egiten zen ibilbidea berreskuratzea erabaki du antolakuntzak. Ohikoa den legez, bi ibilbide egongo dira: luzea, 25 kilometrokoa, goizeko 8:00etan hasiko da eta 12 kilometrokoa, ordea, 10:00etan.
Ibilaldi luzeena Foru plazatik aterako da eta mendietako tarteko bideak zeharkatuko ditu Tologorrirainoko bidera heldu arte. Gero Ponatako txabolak pasa eta “Mendiko” taldearen aterpera helduko da, Menerdigako ataka aldera jotzeko. Ondoren, Lendoñogoitira jaitsi –jan-edanak hartzeko tokia egongo da– eta bertatik Ripara, azkenik, berriro Foru plazara heldu arte.
12 kilometroko ibilaldiari ere Foru plazatik ekingo zaio. Arbietorako bidea hartuko da Lekamañaraino eta bertatik Saratxora. Ondoren, Lendoñobeititik Ripara eta Urduñara buelta.
Parte hartu nahi dutenek egunean bertan eman dezakete izena irteera-ordua baino lehen. Prezioa 2 eurokoa izango da, bai ibilaldi handirako bai txikirako. Halaber, aurreko urteetan bezala, xede nagusia ez da irabazleak saritzea, baizik eta mendizale orok gozatzea eta gure hiriak eskaintzen dituen aukerak ezagutzea.