KRONIKA: CD Urduña - Ugeraga

Erredakzioa 2016ko api. 21a, 09:54

Gorritxoek garaipena lortu dute Bizkaiko Kopan, iragan igandean eginiko partidan 1-1 berdinduta. Harmailetan festa giroan bizi  izan zen norgehiagoka. Bertaratutako ikuslegoa etengabe aritu  zen jokalariak garrasi, turuta eta pankartekin animatzen.

Elkarrekiko errespetu handiarekin bertaratu ziren bi taldeak Arbietoko zelaira. Urduñarrek arriskua sortzeari ekin zioten apurka-apurka. Ekiñek zortea probatu zuen urrutiko jaurtiketa batekin, baina ezkerrera desbideratu zen baloia, oso gutxigatik izan bazen ere. Gero, Estik, faltaz, sake bat bidali zuen langetara. Okasiorik onena, baina, Estik bere defendatzaileari izkin egin zionean suertatu zen: Txiti eta Ane bakarrik zeuden eremura zentratu zuen baloia. Gola sartzeko dena euren alde zutenean, ordea, elkarri traba egin zioten, eta aurkarien defendatzaileak urruntzea lortuzuen horrela. Maitanek jaso zuen baloia, eta jaurtiketa indartsu bat egin zuen, zeinen bidez baloiak langaren aurka egin zuen berriz talka.  

Oso lehiakor hasi zen partidaren bigarren zatia. 60. minutuan baloi galera bat baliatu zuten aurkariek markagailuan aurrea hartzeko. Tierryk zuzenduriko jokalariak, baina, ez ziren makaldu. Zortzi minutu ondoren Estik berdinketa lortu zuen falta zuzen bat baliatuta, titulua eskuratzeko balioko zuena. Gorritxoak, berdinketarekin aski zutela jakinda, garaipenaren bila abiatu ziren, eta lortzeko zorian egon ziren 73. minutuan Ziortzak  buruz eginiko erremate batekin. Atezaina gainditu zuen erremate horrek, baina defendatzaile batek eskua baliatu zuen baloia gelditzeko. Arbitroak jokalari horren kaleratzea eta penaltia egitea ebatzi zuen orduan.

Txiti izan zen penaltia jaurti zuena, baina atezainak tiroaren norabidea asmatu eta gelditzea lortu zuen. Jokalari bat gehiago izanda, baloiaz jabetu eta partidaren azken zatiko erritmoa kontrolatu zuten gorritxoek, epaileak norgehiagokaren amaiera iragarri zuen arte, urduñarren festari hasiera emanez.

Zorionak neskak!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide