Udalek Gizarte Zerbitzuen Legea "aurreratua, modernoa eta zuzena" dela adierazi dute. Hala ere, salatzen dute ez dela nahikoa horretara Aldundiak bideratzen duen dirua eta herri txiki eta hirien arteko desberdintasuna oso handia dela. "Beharrezkoa da gutxienezko gizarte zerbitzuen benetako estimazio bat egitea, eta baliabide ekonomikoak izatea beharrizana duten pertsona guztiei era duin batean zerbitzu hauek eskaini ahal izateko".
Halaber, zailtasun geografikoak direla eta, eskariari gehitu diote gizarte zerbitzuak Laudiorekin koordinatzeko aukera: "bai Laudio, bai gurekin gizarte zerbitzuen gunea partekatzen duten gainerako udalerriak ere gure irizpide honekin ados daude". Gaur egun, adibidez, Orozko, Urduña edo Arakaldo bezalako udalerriek Laudioko anbulatorioan koordinatzen dituzte beraien osasun zerbitzuak. Bestalde, beraien segurtasun publikoa udalerri horretako Ertzaintzaren polizia-etxetik kudeatzen da.