“Txolope gainetik ikusitako egunsentia da bizi izan dudan momenturik bereziena, nik uste”

Aitor Aspuru Saez 2017ko ots. 3a, 11:00

Gorobelen argazkiak ateratzea du bereziki gogoko Javier Ruiz Lilik. Argazkia: Javier Ruiz Lili

Urteak daramatza JAVIER RUIZ LILIk Urduñako paisaiei argazkiak egiten. Gorobeletik egunsentiari klik egitea du bereziki gogoko. 

Nolatan hasi zinen natura argazkilaritzaren munduan?
Urduña hiriaren ingurua oso erakargarria da argazkigintzan aritzeko. Naturaz inguratuta bizi gara, eta hori faktore garrantzitsua da txango bat egitera zoazenean kamara zurekin eramatea gogoratzeko.

Zein da argazkiak egiteko baliatzen duzun prozedura?
Hasiberria zarenean gauza guztiei atera nahi dizkiezu argazkiak. Lorerik txikiena, atzean Gorobel mendilerroa duela, ikusgarria iruditzen zaizu baita. Gero, konturatu gabe, bazoaz zure txangoak hobeto hautatzen, zerbait zehatza bilatzen hasten zarelako ingurugiroak egunero oparitzen dizkigun irudi guztietatik.

Goiz jaikitzen zara batzuetan, egunsentiari argazkiak egin nahi dizkiozulako Ama Birjinatik. Beste egun batean Fraileburutik egin nahi dituzu argazkiak. Beste egun batean berdina baina Urduñako laino opilarekin eta beste batzuetan, aldiz, egunsentia hodei itsaso batez inguratuta irudikatu nahi duzu.


“Ikuspuntu ezberdin bat topatu dezakezu Gorobel mendilerroan ematen duzun pauso bakoitzeko”


Inguratzen gaituzten irudiak amaiezinak dira. Ikuspuntu ezberdin bat topatu dezakezu Gorobel mendilerroan ematen duzun pauso bakoitzeko, Tologorritik hasi eta Nerbioiaren jauziraino. Infinituak dira aukerak. Gaur hodeiak egon daitezke eta bihar, aldiz, baliteke egun eguzkitsua ateratzea.

Egiten dudan lana zabaltzeko oso lagungarriak suertatzen zaizkit sare sozialak, argazkiak munduari erakusteko leiho handi bat direlako. Facebook eta Flirck bezalako biltegi digitalak erabiltzen ditut bereziki.

 

“Putreak izaten ditut bidelagun menditik argazkiak egiten nagoenean”

Zer da zure argazkietan gehien islatzea gustatzen zaizuna? Zergatik?
Paisaiak islatzea gustatzen zait bereziki. Bista izugarriak daude eta minuturo aldatzen dira. Egia da baita, mendian nagoela aukera suertatzen bazait, putreak izan direla beti nire bidelagunak. Eguna argitzean amildegiaren ertzean jartzen dira euren hegaletan gauez pilatutako hezetasuna kentzeko. Oso une polita da hori.

Zein da orain arte bizi izan duzun momenturik bereziena?
Txolope gainetik ikusitako egunsentia, nik uste. Urduña hiria zure oinen azpian ikusten duzu, oraindik lotan dagoela. Ileak puntan jartzeko moduko paisaia da ahori. Azkar egin behar duzu lan, minutu gutxi irauten baitu fondo laranjak Untza aldean, argiak hiria esnatu baino lehen. Askotan infinituari egiten diozu oihu atera berri duzun irudiagatik eta une hori muturreko zoramenarekin bizi izan duzunaren sentsazioa duzulako.

Nerbioiko jauziaren hiruzpalau argazki ere gordetzen ditut, atera nituen uneko oso oroitzapen onekin.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide