105 urte bete ditu Urduñako osinak

Txabi Alvarado Bañares 2017ko ots. 3a, 07:50
Zortzi metroko sakonera du simaren barruan dagoen urmaelak. Argazkia: ADRAtan elkartea.

Hiriaren historian protagonismo handia izan du urmaelak, 1912ko otsailaren 12an jaio zenetik gaur egun arte.

Orro ozen batek Urduñako bizilagun ugari esnatu zituen 1912eko otsailaren 2ko goizaldean. La muera bainuetxetik gertu sortu zen zarata, lurpetik zetozen danbada batzuen ondorioz. Zerbait mugitzen ari zen hiriaren azpian.

Hurrengo eguneko egunkariek jaso zuten notizia: 60 metro lur inguru ondoratu omen ziren. Lurrak bainuetxearen iturria irentsi zuen, sakonera handiko zulo bat sortuaz. Horrela jaio zen “Urduñako osina” izenarekin ezagutzen dena,  “Arbietoko urmaela” bezala ere ezagutzen dena (osinaren barruan dagoen uragatik).

Garaiko egunkarietan irakurri daiteke handia izan zela gertaerak herritarrengan sortu zuen kezka. Jende ugari gerturatu omen zen zuloa zegoen tokira, eta miñonak deitu behar izan zituen alkateak, bizilagunak gehiegi gerturatzea ekiditeko.

Lurrikararena izan zen lehen hipotesia, baina laster baztertu zen. Osinaren sorrera misterio geologiko bat bezala aurkeztu zen garaiko komunikabideetan. 

Gertatutakoak, baina, badu azalpen geologiko argi bat. “Diapiro bateko materiala disolbatzean sortu zen osina”. Hala azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Ebaluazio arduraduna den Xabier Iturrate Garrellek. Osakera geologiko bat da diapiroa, igeltsu eta buztinez osatutakoa gehienbat. Material horiek oso disolbagarriak direnez, denboraren poderioz kobazuloak sortzen dira diapiro geruzak zeuden tokian. Kobazulo horietako baten sabaia baten kolapsoa, hori da duela 105 urte Urduñan gertatu zena. Bertatik igarotzen zen La muera ur gaziz hornitzen zuen lurpeko erreka. Ondorioz, laster bihurtu zen osin jaioberria urmael sakon. 

 



“Urre beltzaren” sukarra
Zer esan handia izan zuen osinak XX. mendean. 1964. urtean egunkarietako titularren protagonista bilakatu zen berriz, fenomeno bitxi baten ondorioz. Garaiko komunikabideen arabera, putzutik zetorren danbada bat entzun zuen La Muerako inguruetan zegoen zaindari batek, abuztuko gau batean. Burbuilak ateratzen ari ziren uretatik, likido koipetsu batez osatutakoak. Substantzia hori petrolioa izan zitekeenaren zurrumurrua zabaldu zen orduan.

Teknikari talde bat bertaratu zen hirira, putzuaren azpian “urre beltzez” betetako putzu bat egon zitekeen aztertzeko. Komunikabideek jarraipen zabala egin zioten gaiari, espekulazio eta teoria ezberdinak plazaratuaz. Hala ere, egin ziren ikerketek ez zuten emaitza positiborik ekarri, eta sortutako burbuilak laster galdu zuen airea.

Historia handiko urmaela
Petroliorik izan ez arren, Urduñaren historian zeresan handia izan duen tokia da Arbietoko urmaela. Horren adibide argia da osinaren jaiotza kontatzen duen abestia (ikusi letra hemen).

“Belaunaldi askotako urduñarrak bainatu dira putzuan”, azaldu du ADRAtan elkarteko Xabier Eguiluzek, “baina egon ziren baita euren buruaz beste egiteko erabili zutenak ere”.

“Guapepalaupiduzu” arraun taldeak entrenatzeko erabili zuen lakua. Arraunlarien abizenen lehen letrak hartuta osatu zuten izen bitxi hori. Talde horretatik sortu zen gero “La Peña de la Barca” koadrila, Otxomaioetan protagonismo nabarmena izan zuena.



Egoera ekologiko ona
Tubacex eta Arrigorriagako paper fabrika ere egon ziren putzuan esku hartzeko zorian, lehorte garaietan bertako ura baliagarria suertatu ahal zitzaiela ikusita. Baina azkenean ez zuten ezer egin.

Laku bizia da Arbietokoa.  Gaur egun zortzi metroko sakonera du putzuak, eta landare eta animali espezie ugari topatu daitezke bertan, tokikoak gehienak. URA agentziak 2013an eginiko ikerketa baten arabera, fitoplaktona da ur barruan topatu daitekeen landarerik nabarmenena, eta lau dira putzuan bizi diren arrain motak. Horietatik hiru (Graellseko barboa, loina eta ezkailua) autoktonoak dira eta bakarra da espezie arrotza (Zamo txikia).

URAren arabera, arraroa da mota horretako laku batean arrainak egotea. Hori dela eta, animalia horiek gizakiek sartuak direla iradokitzen du agentziak. Hala ere, ikerketak dio ona dela putzuaren egoera ekologikoa.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide