Noiz hasi zinen atletismoan?
Aurtengoa nire hirugarren denboraldia da. 13 urte bete nituenean hasi nintzen, irailean. Urtarrilean egin nuen lehendabiziko lehiaketa. Espainiako txapelketa zenez, urduri nengoen. Infantilen kategorian aritu nintzen. Emozioz betetako eguna izan zen nire lehen karrera. Kilometro bateko ibilbidea zen, landa zeharkatu behar genuen iltzedun zapatilekin. Badajozera etorri zen familia osoa ere, Zafrara. Helburua azkena ez geratzea zen, eta bigarren sailkatu nintzen.
“Helburua azkena ez geratzea zen, eta bigarren sailkatu nintzen lasterketan”
Entrenamenduak gogorrak al dira?
Batzuetan ibilbide luzeagoak egiten ditugu. Ni erritmoa mantentzen saiatzen naiz. Egin dudan lasterketarik luzeena 6.6 kilometrokoa izan da, Gasteizekoa, emakumeen aldekoa izan zen.
Prestaketei dagokienez, astelehen eta asteazkenetan entrenatzen dugu, Basaurin. Batzuetan ostiraletan eta larunbatetan ere joan behar izaten dugu. Egia esan, oso ondo pasatzen dugu. Gure entrenatzailea, Javi, pixka bat zoratuta dago: urtarrilaren 6an ere, Errege egunean, entrenamendua jarri zigun!
Zerk bereizten du atletismo egokitua gainontzeko modalitateetatik?
Kategoriak. Distantziak eta probak berdinak izaten dira. Oraintsu izan da Euskadiko Txapelketa Donostiako Anoetan. Lehiaketa ofizialean aritu ginen gu ere. Normalean ezaugarri berdinak dituzte zirkuituek, baina egia da batzuetan moldaketak egiten dituztela.
“13 urte nituela Espainiako txapelketa izan zen nire lehen karrera”
Zein probetan hartu duzu parte?
Berangoko Milian, Bilbokoan... Laudioko Krosean ere egon nintzen.
Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?
Adin guztietako jendea gaude. Esaterako, bada 40 urte dituen down sindromea duen mutil bat. Itsu dauden bi lagun ere badaude. Guztira, 30 lagun inguru gaude. Adinaren arabera egokitu egiten da distantzia.
Zein helburu jarri diozu aurtengo denboraldiari?
Egutegia probaz beteta daukagu. Urtarrilaren 8an hasi zen kros denboraldia Zornotzan; nazioarteko lehiaketa izan zen.
Nola mutilek hala neskek 10 kilometro inguru izaten dute; baina guri proba egokitu bat jartzen digute, paraolinpikoena. Urtarrilaren 15ean Abadiñon egon ginen, Bizkaiko Kros Txapelketan. Klubeko gehienak joaten gara lehiaketara normalean.Ni oso pozik joaten naiz, behintzat. Zoriontsua naiz korrika.
“Distantzia eta probak berdinak dira atletismo egokituan”
Espainiako Txapelketan bigarren geratu zara oraintsu.
Nire helburua ez da kirolean onena izatea, ondo pasatzea baizik. Atletismoan hasi aurretik igeriketan ibili nintzen. 11 urte nituenean 4-5 urtekoekin geratzen ari nintzenez, kirolez aldatzea erabaki nuen. Igeri egiten ikasi nuen, erne ibili behar naiz, baina ez naiz itotzen.
Atletismoan hasi eta hiru aldiz lortu duzu Espainiako txapeldunorde izatea!
Hiru aldiz geratu naiz txapeldunorde, bai. Aurten oso ondo egin dudala esan didate, asko ari naizela hobetzen.
“Bizkaiko klub bakarra da gurea, Araban ez dago atletismo egokituko talderik. Gipuzkoan bada bat, baina gehienek gurpildun aulkiekin egiten dute korrika”
Aiaraldean ba al da atletimo egokituan aritzen den beste kirolaririk?
Urduñatik gertuen dudana Arrigorriagako lagun bat da. Inguru honetatik ez da jendea joaten. Ez dago hainbeste jende.
Kanpoan lehiatzen garenean, bai. Bizkaiko klub bakarra da gurea, eta Araban ez dago atletismo egokituko talderik. Gipuzkoan bada bat, baina gehienak gurpildun aulkiekin egiten dute korrika.
Atletismoaz gain, bestelako ekintzak ere egiten ditugu. Iaz, adibidez, Ana Urrutiarekin surf egitera joan ginen. Beste batzuetan, Bilbao Basket ikustera joaten gara, Simplyk, gure babesle batek, saskibaloia ikusteko sarrerak oparitu zizkigun eta!