Urduñako Txarlazo Mendi Taldeak Atezabal mendira txangoa egin zuen asteburuan. Sare sozialetan azaldu dutenez, zirimiriari aurre eginez gauzatu zuten bidea. Klubeko hainbat bazkide bertaratu ziren tontorrera: "Sekulako esperientzia izan zen, Euskal Herriko mendien historian iltzatua geratuko da, Goiok eta Enrikek egindako irudiei eskerrak".
San Pedroko lubakietara bisita
Bihar egingo dute hurrengo irteera. Urduñan egingo den elkartasun jaiaren baitan, San Pedroko lubakietara joango dira. Lehen hitzordua 9:00etan izango da Foru plazan, eta bigarrena 9:45ean Alorian. Hala, Gerra Zibilari buruzko hitzaldia egingo dute mendian, baita errefuxiatuen aldeko talde argazkia eta diru-bilketa ere.