Hileta zibilak egiteko ordenantza berria onartu zuen Urduñako Udalak atzoko Udal Osoko Bilkuran, talde politiko guztien (EH Bildu eta EAJ) aldeko botoekin.
Ordenantza berriaren arabera, hemendik aurrera Alondegian egingo dira horrelako ekitaldiak.
Honakoa da areto horren ordutegia:
*Astelehenetik ostiralera: 17:00etatik 20:00etara
*Larunbatetan: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.
*Igande eta jaiegunetan: 12:00etatik 14:00etara
Hildakoaren gorpurik ez
Ezingo da hildakoaren gorpua egon ekitaldian. Errautsak berriz bai, eraman ahalko dira, horretarako egokitutako edukiontziak baliatuta.
Gehienez 85 pertsona sartu ahalko dira aretoan eta 90 minutuko iraun ahal izango dute ekitaldiek gehien jota. Hildakoak baldintza bat bete beharko du: Urduñan erroldatua egotea bere bizitzako uneren batean. Hala ere, udaletik adierazi dute kasuaren araberako salbuespenak egon daitezkeela.
Udal bulegoetan aurkeztu beharko dira hiletak egiteko eskaerak, ekitaldia baino 24 ordu lehenago.