Bulder liga irabazi berri duzu...
Lau proba izan ziren, bi Gasteizen eta bana Amurrion eta Elburgon. Sailkapen orokorrean lehen postuan bukatu nuen txapelketa. Bi proba irabazi nituen, eta besteetan bigarren geratu nintzen. Helburua bete nuen, beraz, oso pozik nago. Bulder Ligan hiru kategoria daude: sub16, herrikoia eta elitea. Horri emakumezkoen kategoria eta gizonezkoena gehitu behar zaizkio. Guztira 60-70 lagun inguruk hartu genuen parte.
Espainiako Kopan parte hartzen ari zara. Zein helbururekin?
Asteburuan izan nuen lehen proba, beste bi geratzen dira, Madrilekoa eta Zaragozakoa. Hamargarren postua lortu nuen. Nire helburua lehenengo zortzien artean geratzea zen, horien artean jokatzen baita finala. Hurrengo probetan -finalera iristea espero dut.
Emaitza onak lortu dituzu.
Orain arte batez ere Euskal Herriko lehiaketetan hartu dut parte. Behin bigarren geratu nintzen, hirugarren egin dut bi aldiz, eta laugarren ere izan naiz. Hamargarren bukatu nuen aurreko Espainiako Kopa. Bulder Ligan, duela hiru edo lau urte egin nuen lehen debuta, irabaztea lortu nuen.
Eskualdean eskalatzaile gutxi gara eta ez daude baliabide asko. Ni Urduñatik Amurriora joan behar naiz, ez dudalako entrenatzeko beste tokirik.
Zer da garrantzitsua eskaladan?
Indarra eta teknika. Oso garrantzitsua da oinak ondo erabiltzea. Ez da indar kontua soilik, % 1 baino ez da indarra. Ondo eskalatzen jakin behar da. Bestalde, lehiatzerako orduan oso inportantea da burua, kontzentratuta egotea.
Harrobiari dagokionez, ba al da zaletasunik?
Nik dakidala ez, ez dut ni baino gazteagorik ezagutzen. Lagun bat konbentzitu dut, baina gutxi. Amurrion jende gehiago ibiltzen da eskalatzen.
Zein da zure aurtengo helburua?
Espainiako Kopan emaitza ona lortzea eta udan lehiaketetatik aparte eskalatzea. Udan lagun batzuekin joan nahi dut Alpeetara. Gaur egun lehiatzeko entrenatzen dut, baina argi dut nire helburua ez direla txapelketak. Nik nahi dudana mendian eskalatzea da. Lehiaketak niretzako indartzeko motibazioa dira. Hori da nire bidea orain, gerora lehiaketak utzi eta mendiko eskaladan zentratu nahiko nuke.