Ahalik eta jaurtiketa gutxienekin pilota zuloan sartzea. Horra “Pitch & Putt” funtsa. Makilek eman diote izena Irlandako kirolari. Arbietokoa da jatorri Irlandarreko kirola praktikatzeko Euskal Herriko zelai bakarra, nahiz eta EAEn jolasteko beste lau gune egon.
Golfarekin makina bat ezberdintasun ditu. Batetik, zuloen arteko distantzia: “40-90 metrora daude, golfean 300-400 metrora dauden bitartean”. Bestetik, alfonbratik botatzen da beti pilota, hots, zulo bakoitzaren irteera puntutik.
Matxalen Petralanda Inbarri elkarteko kideak azaldu duenez, “tee” deitzen zaio irteera guneari, eta “green” zuloari. Guztira, 18 zulo dituzte Urduñan. Gune bakoitzak bere ‘handicapa’ du, zailtasun maila adierazteko txartela: “1etik 18ra daude zenbakituta. Zenbat eta zenbaki txikiagoa izan, orduan eta konplexuagoa da. Adibidez, Urduñan lehen zuloak 1 zenbakia du, beraz, horrek esan nahi du hemengo ibilbideko zulo zailena hori dela”. Horrez gain, panelen bidez zehaztu dute “greenera” dagoen distantzia, bandera zenbat metrora dagoen jakiteko. “Golfa praktikatzeko zegoen gunea egokitu dugu. Ingurua ederra izanik, Pitch & Putt zelaia eraikitzeko aukera ikusi genuen”.
Guztientzako kirola
Petralandaren iritziz, edozein adinetako pertsonei bideratuta dago jarduera: “Gurasoek, aiton-amonek, seme-alabek, gazteek... guztiek joka dezakete”.Arauei dagokienez, jokalariek normalean hiru saiakera izaten dituzte: “Batzuk kolpe gutxiago behar dituzte, eta beste batzuk gehiago. Zenbat eta ukitu gutxiagotan sartu, hobeto”. Banaka edo taldeka jolas liteke, baina lau partaide egon daitezke gehienez zulo bakoitzean.
Erabiltzaileen eskura jartzen dute beharrezko materiala: pilotak eta eskuin zein ezkerrentzako makilak. Erabiltzaile bakoitzak “Greefie” txartela ordaindu behar du zirkuitua osatzeko; Euskadiko Pitch & Putt elkarteko kideentzat 10 € balio du partidak, eta gainerakoentzat 12€. “Ibilbidea osatzeko ez dago denbora mugarik, abileziaren arabera 2-5 ordu behar dira”, zehaztu du.
Kirola ezagutarazteko ikastaroak antolatuko dituzte Urduñako Udalarekin batera. Apirilaren 30erako, baina, erakustaldia eta ate irekien jardunaldia prestatu dituzte. Hortik at, asteazkenetik igandera -10:00etatik 20:00etara- egoten da zabalik kirolgunea: “Ez da erreserbarik egin behar, aski da bertaratzea”.
Urduñako zelaian egin dira Kataluniako Openean parte hartzeko sailkapen probak. Urtarriletik gaur arte, larunbatero egon da norgehiagoka. “Hala ere, hori ez da praktikarako oztopo, denentzat tokia dago, zuloak libre egoten dira”.
Laister barru Iberiar Opena jokatuko da bertan, Galiziako, Kataluniako eta Frantziako elkarteetako kideen artean. “Aurten Norbegian izango da Munduko txapelketa, eta hara joateko lehiatzen ari dira hemengo jokalariak”. Partidak publikoak eta doakoak dira, “10:00etatik 13:00etara izaten dira, gutxi gora behera”.